BARAKALDO. Barakaldoko kolonietako katuak elikatzen dituzten pertsonek txaleko islatzaileak izango dituzte. Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloak neurri hau hartu du herritar guztiek erraz identifikatzeko, eta era horretan haien lana errazagoa egiteko.

Alba Delgado Arloko zinegotzi ordezkariak eta Lagunak Elkarte Animalistako ordezkariek aurkeztu dute ekimena, eta bertako boluntarioak arduratuko dira felinoei janaria emateaz.

"Gure hiri-paisaiaren parte dira kale-katuak. Ohituta gaude haiekin bizitzen. Herritarrek beraiek zaindu izan dituzte betidanik kolonia horiek, batez ere jaten emanez, baina haien elikadura zaintzeko eta gehiegizko biztanle kopurua saihesteko beharrak modu antolatuan jokatzera behartzen gaitu", azaldu du Delgadok kolonia bizi den Ramon Rubial Lorategi Botanikoan eskainitako prentsaurrekoan.

Barakaldon, gaur egun, 76 pertsonak dute Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Alorreko baimena hiriko kale-katuen koloniak elikatzeko, Alba Delgadok azaldu duenez. Dekretu batek ematen die lan hori egiteko ahalmena, eta horrek segurtasun juridikoa ematen die, Bide Garbiketaren Ordenantzak debekatu egiten baitu kaleak zikintzea eta, beraz, animaliei jaten ematea. Zerrenda ofizial horretan ez daudenek ez dute katu barakaldarrak elikatzerik.

Elikatzaileek badute katuei jaten emateko baimena dutela egiaztatzen duen txartela ere. Baina behar bezala serigrafiatutako txalekoak jantzita, inolako dokumenturik erakutsi beharrik gabe identifikatu ahal izango dira. "Batzuetan, zenbaitek atentzioa ematen diete, kalean ezorduko orduetan jarduteagatik, adibidez. Horrelako jokabideak ere saihestu nahi ditugu janzkera horrekin", azaldu du Alba Delgadok

Lagunak ez da soilik gastuen elikaduraz arduratzen, baita CES metodoaz ere (harrapaketa, esterilizazioa eta askatzea), oso eraginkorra baita felinoen hazkundea kontrolatzeko.

Katuak elikatzeaz gain, elkarte animalistako boluntarioak arduratzen dira lan horretaz, eta lan hori egiteko, udalaren baimena du erakundeak, Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. "CES metodoa ezartzeak katuen bizi-kalitatea ez ezik inguruarekin eta ingurukoekin duten harremana ere hobetzen du", adierazi du Alba Delgadok.

Esterilizazioari esker, jaiotza-tasa kontrolatzeak koloniaren tamaina egonkortzen du. Bertan bizi diren katuak geratzen dira, baina ugaltzeko aukerarik gabe. Horrela, murriztu egiten dira kolonia handiegia izateak bizilagunei eragin diezazkiekeen eragozpenak, eta hobeto kontrola daiteke animalien elikadura. Halaber, CESek karraskarien kontrol naturala dakar, katuen koloniak dauden eremuetan.

Delgadok barne patioetan koloniak elikatzeaz arduratzen diren auzo-komunitateei Lagunakekin harremanetan jartzeko deia egin die, euren kolonia CES metodoaren barruan sartzeko.

ETXEKO KATUAK ZAINTZEKO GOMENDIOAK

Etxeko katuak ere antzutzeko gomendatzen die Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak herritar guztiei, bai eta mikrotxipa ezartzeko ere.

"Mikrotxiparekin, katua errazago identifikatzen da galduz gero, eta esterilizazioarekin, galdutako etxeko felino batek hiri-kolonietan kaleko katuen gainpopulazioa gerta ez dadin egiten den lana bertan behera uztea saihesten da", azaldu du arloko zinegotzi ordezkariak.