BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Gazteria Arloko Giltzarri-nerabeen udal plataformak, Barakaldo Kirolarekin batera, udalerriko nerabeen artean kirol praktika berraktibatzea eta bizitza osasuntsuan ohitzea helburu duen 'Gazte training' izeneko programa jarri du martxan.

"Azterlan ugarik erakutsi du zein onuragarria den kirola egitea bai gizarteratzeko, bai herritarren artean - eta, batez ere, haur eta gazteen artean - aztura osasungarriak sustatzeko. Osasunean, orokorki, eta norberaren sasoian, partikularki, eragiten dituen onurez gain, kirolak herritarren ongizate emozionalean du eragina, eta areago, orain bizi ditugunak bezalako egoeretan; horrexegatik jarri dugu abian ekimen hau", adierazi du Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek.

Gazteak jarduera fisikoaren bidez berrindartzea da helburua, eta horretarako, kirol-diziplina zenbait aurkeztuko dizkiegu, praktikan jar ditzaten, eta, aldi berean, jarduera hezitzaileak eskainiko dizkiegu, autozainketari, elikatze egokiari, ongizate emozionalari, eta finean, osasunari, ikuspegi integral batetik, garrantzia emanez. Hala, hurrengo hilabeteetan, askotariko jarduera-programa bat aurkeztuko da. Programa horrek barne hartzen du diziplina erakargarrien eta gaurkotasun osoko zenbait diziplinen hastapena, hala nola aquaboxa edo aquadancea, zumba saio bat eta guzti familian (guraso nahiz tutoreekin). Horiekin uztartzen ditu, adibidez, estresaren kudeaketa, erlaxazioa edo naturarekiko harremana lantzeko jarduerak.

BARAKALDO KIROL-EKIN LANKIDETZAN

"Barakaldoko Kirolak-en laguntzaz diseinatu da programa, eta Barakaldoko Mugi Zaitez programaren bidez, kirol-diziplina berriak ezagutzeko eta horietan hasteko aukera ematen die herritarrei, kirola eta bizitza aktibo eta osasungarriaren ohiturak susta ditzaten", adierazi du Martinek. Urte osoan eskainiko ditu Mugi zaitez Barakaldo programak askotariko kirol jarduerak, doan, Barakaldoko kirol instalazioetan. Urtarrilean, jada, crossfit eta spinningean aritzeko aukera izan zuten gazteek programa honen itzalean, eta, oraingo honetan, proiektu honen barruan, aquadance saio bat eskainiko zaie nerabeei, maiatzaren 29an.

Bestalde, cross countryan hasteko saio bat eskainiko da, Gorostitzako XC Zirkuitu estreinatu berrian. "Hori horrela, zenbait jarduera Lasesarreko kiroldegian egingo dira, eta beste zenbait, berriz, Gorostitzakoan, azken hilotan hirian kanpoan egokitu diren leku eta zirkuituetan", adierazi du Martinek.

12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaizkie, doan, baina aldez aurretik izena eman beharko dute udal egoitza elektronikoko webgunean, otsailaren 22tik 26ra bitartean.

Toki kopurua mugatua da, eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira tokiak, taldea osatu arte.

"Programan ahalik eta gazte gehienek har dezaten parte, hilean jarduera bakar bat aukeratu ahal izango du bakoitzak; tokiak hutsik geratuko balira, orduan aukeratu ahal izango lukete beste bigarren bat. Taldea erabat osatzen denean, Giltzarriko hezitzaileek telefonoz emango diote horren berri esleipendunari. Tokia lortu dutenei soilik deituko diete", adierazi du zinegotziak.

Argibide gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Giltzarri Zerbitzuarekin 944 789 597 / 944 789 598 zenbakietara hots eginez, edo bestela, idatzi giltzarri@barakaldo.eus helbidera.

JARDUERAK

  • Elikadura osasungarria nerabezaroan. Martxoak 30: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Aquaboxa. Martxoak 27: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Mindfulnessa. Apirilak 17: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Belaunaldien arteko zumba. Apirilak 24: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Kirol-coachinga. Maiatzak 12: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Aquadancea. Maiatzak 29: 17:00h - 18:30h. Lasesarreko kiroldegian
  • Cross Countrya (hastapena). Ekainak 12: 17:00h ¿ 20:00h. Gorostitzan (mendiko bizikleta behar da)
  • Patinajea (hastapena eta aurreratua). Ekainak 26: 17:00h - 18:30h. Gorostitzan (patinak behar dira).