BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Erasoen Aurkako Mahaiak 2020an eskainitako zerbitzuei buruzko balantzea egin du asteazken arratsaldean. Honako hau indarkeria matxista eta sexista jasaten duten emakumeei ematen zaien arretari buruzko lehenengo kontu-ematea izan da.

Emakume Arlora indarkeria matxista nahiz sexista baten karietara datozen emakumeei eskaintzen zaizkien baliabideen bitartez 2020 urtean eman diren arretak izan ditu ardatz bilantzak. Horrela, bada, 203 emakumeri eman zitzaien arreta iaz Arreta Psikologikorako Zerbitzu Integralean, bertan eskaintzen diren banakako nahiz taldeko terapietan, hausnarketa taldeetan, norberaren autonomiarako tailerretan eta adingabeentzako ongizate psikosozialeko gunean.

Horrez gainera, 135 emakume bideratu zituzten udal barakaldarreko aholkularitza juridikoko zerbitzura, sexu-askatasunaren, indarkeria matxistaren eta bestelakoen aurkako delituei buruzko familia, lan eta zigor zuzenbidearen arloko aholkularitza jaso zezaten. Bestalde, 2020 urtean, 24 emakumek eta 18 adingabek erabili dute Emakumeen Harrera Etxea.

Covid-19k eragindako pandemiak eta haren ondoriozko konfinamendu aginduak emakume asko behartu zituen beren erasotzaileekin 24 orduz bizitzera. Hortaz jabetutakoan, Emakume Arloak herritar guztiei zuzendutako kontzientziatze kanpaina bat jarri zuen abian, indarkeria matxista kasuren bat susmatzekotan salatua izan zedin, horren gogorrak ziren hil horietan bakarrik ez zeudela sentiarazteko emakumeei.

Nahiz eta pandemiaren kariaz urte atipikoa izan den 2020koa, prebentzio programei eutsi die Emakume Arloak, hala nola, Berdintasunena hezi genero indarkeriari aurrea hartzeko programari bai eta indarkeriari buruzko emakumeei zuzendutako tailerrei eta autodefentsarako eskolei ere. Azkenik, III. Berdintasun Planari buruzko diagnostikoa egin zen 2020an, eta hasiak dira tramiteak egiten ekitaldi honetan modu parte-hartzailean garatuko den IV. Berdintasun Plana abian jartzeko.

9 ALDIZ AKTIBATU DA PROTOKOLOA

Azken urte honetan, 74 komunikazio izan ditu Emakume Aroak hirian gertatutako indarkeria matxista edo sexistarekin zerikusia duten kasuei jarraipena egiteko. Joan den urrian hasi zen jardunean oraingo Erasoen Aurkako Mahaia modu ofizialean. Hala ere, 2020an zazpi aldiz aktibatu zuten erantzun publikoa elkarte feminista eta emakume talde barakaldarrek. Zehazki, urtarrilaren 28an, martxoaren 20an, ekainaren 17an, uztailaren 26an, abuztuaren 16an, irailaren 25ean, urriaren 30ean, azaroaren 2an eta abenduaren 28 salatu ziren indarkeria sexista kasuak; azken horretan, ordea, emakumeak ez zuen baimenik eman Erantzun Publikorako Protokoloa aktiba zedin.

Erantzun Publikorako Protokoloak berak jasotzen du genero nahiz etxeko indarkeria ororen erantzun publikoa azaroaren 25ean gauzatuko dela, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunean egiten diren egintzetan.

Argi eta garbi ezartzen du protokoloak, era berean, biktimaren baimenik gabe ez dela inolako erantzun publikorik aktibatuko, erasoa jasan duen emakumearen beren-beregiko erabakia aintzat hartuz. Horrela jokatu da azken hilotan gertatutako azken bi erasoetan, zeintzuetan erasotzaileen atxiloketak ezagutzera eman arren, emakumeek ez zuten eman adierazpen publikoa egiteko baimenik. "Udalak argi du ez dagoela eraso bat ere erantzunik gabe uzterik. Baina horren gainetik dago erasoa jasan duten emakumeekiko errespetua eta haiek hartutako erabakien onarpena, gaitz horretatik askatzen lagunduko dieten pausuak eman ditzaten sostengua, ulermena eta laguntza behar baitute", adierazi du Emakume Arloko zinegotzi Rakel Olallak. "Emakumeak ez badu egintza publikorik egin dadin nahi, ezta sikiera gaitzesteko elkarretaratze bat ere, gure betebeharra erabaki hori aintzat hartzea da. Horrela dago jasota erantzun publikorako protokoloan, eta horrela jokatu dugu emakumeek protokoloa aktibatzerik izan nahi ez duten azken kasu bietan", azpimarratu du.

AGIRI BIZIA ETA BERRISKUTEKO MODUKOA

Azkenik, elkarte feministen, emakume taldeen eta udal talde politikoen ekarpenak ezagutu eta biltzeko aukera ere eman zuen Erasoen Aurkako Mahaiaren batzarrak. "Abian jarri berri dugu protokoloa, baina dokumentua bizia eta berrikusteko modukoa da; ekarpenak bilduz eta adostuz ernamuindu eta gauzatu zen dokumentua, eta bide horretatik garatzea nahi dugu", adierazi du Rakel Olallak, bide batez partaide guztiei eskertuz indarkeria matxistaren gaitza desagerrarazteko erakusten duten interesa eta dedikazioa.

Horregatik, Protokoloa prestatu ondoren, eztabaida-saioak egingo dira hausnarketa prozesuak eragiteko eta horien bitartez Mahaiko partaideak gai horretan gaitzeko, gerta litezkeen kasuak udalaren errealitatera egokituak izan daitezen, eta eraginkorra, horiei eman beharreko erantzuna.