BARAKALDO. Barakaldoko Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, Udalak inbertsio handia egingo du udalerriko lau gizarte-ekipamendu berritzeko. Konkretuki, 142.400 euroko aurrekontua bideratuko du adinekoentzako zentroak, emakumeentzako harrera-etxearen zerbitzua eta Gizarte Ekintzako eraikina bera prestatzeko lanak egiteko. Obrak otsailean bukatuko dira.

Integrazio Soziokulturaleko Zentroan (ISZ) egin da inbertsiorik handiena, 48.382, 08 eurorekin, eraikinaren berokuntza hobetzeko. "ISZn berokuntza-sistema arazoak sortzen ari zen, eta, horregatik, galdara modularren ordez berokuntzako eta ur beroko sistema automatizatu berri bat ezartzea erabaki da, adinekoen zentro horretako erabiltzaileak erosoago egon daitezen", azaldu du Antizarrek, eta gogorarazi du ISZn adinekoen zentro bat eta eguneko zentro bat daudela.

Gure Toki adinekoen zentroa ere eraberrituko da, berokuntza-sistema berrituz, hain zuzen ere. "Berokuntza zaharra da eta sistema berritu behar da. Kasu honetan, zoru erradiatzailearen aldeko apustua egingo dugu berriro, dagoeneko instalatuta baitago, eta jarduera-aretoan indargarri bat egingo dugu, bi hodiko pareta-berogailu batekin ", adierazi du Gizarte Ekintza Arloko zinegotziak. Obra horrek 42.980, 33 euroko inbertsioa ekarriko du.

Emakume Arloak ere erreforma bat egingo du genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako baliabide gisa eskaintzen dituen instalazioetako batean: harrera-baliabidearen estalkia berritzean datza, oso hondatuta baitzegoen eta hezetasunak baitzituen. Lan horiek 17.500 euroko inbertsioa eskatzen dute.

Azkenik, Gizarte Ekintza Arloko eraikineko solairu bat eraberritzeko lanak amaitzen ari dira, eta lanerako espazio berri bat prestatu da. "Solairu hori hutsik zegoen eta oinarrizko instalazioak egin behar ziren, hala nola argia, Internet, berogailua eta baita sabai faltsukoa ere", azaldu du Antizarrek. "Eraberritze honekin eraikinaren espazio erabilgarria handitzea lortu dugu, arretarako prestatutako espazio berriekin", gaineratu du. Obraren inbertsioa 33.582 eurokoa izan da.

"Hobekuntza horien guztien bidez instalazioen erosotasuna hobetu nahi da, zerbitzuak optimizatu eta behar bezala mantendu, zerbitzu horien energia-eraginkortasuna hobetzeaz gain", esan du Antizarrek..