BARAKALDO. Genero-berdintasuna eta sexu-aniztasuna errespetatzea sustatzeko ikastaroak eskainiko ditu Barakaldoko Udalak herriko ikasleen artean, Naizen elkartearekin batera. Hiru helburu espezifiko ditu ekimenak: genero-ikuspegia eta sexu-aniztasuna lantzea, desberdintasunak ezabatzeko borrokatzea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzea.

"2018an, guztiok ukitu gintuen Barakaldoko familia baten lekukotasuna entzun genuen osoko bilkuran. Ikastetxeetan sexu-aniztasunari buruz, haurren transexualitateari buruz, prestakuntza eta informazio gehiago eskaintzea eskatzen ziguten, eta orduz geroztik Naizenekin batera aurkezten dugunaren moduko ekimenak gehitu ditugu gure udal politikan", adierazi du Barakaldoko alkate Amaia Del Campok.

Zehazki, Barakaldoko Udalak, Emakumearen Arloaren bitartez, Transexualitateari, gutxiengoekiko hezkuntzari eta sexu-aniztasunari buruzko Prestakuntza Espezifikoaren programa jarriko du abian hilabete honetan, gurasoen, irakasleen eta ikasleen haurren transexualitatearen inguruko prestakuntzan oinarrituta. "Esparru honetan oraindik asko dugu ikasteko, eta, zalantzarik gabe, bai ikastetxeek bai familiek egin ditzaketen ekintza guztiak ongi etorriak dira; izan ere, gure ikastetxeetan, gure familietan, bizi dugun errealitate bat denez hori, sexu-identitatea definitzeko eta familiei bide horretan laguntzeko lagungarriak izan daitezkeen tresnak eskaini behar ditugu", adierazi du alkateak.

Hala, aurreko ostiralean bertan hasi da programa, Nicolás Larburu prestakuntza-zentroan, 110 ikaslerentzat. Prestakuntza Gurutzetako zentroan emango da hilabete hauetan, 356 lagunek eman baitute izena. Meatzeen Eskolan 446 ikaslek jasoko dute prestakuntza hori. Munoan, berriz, ia 90ek. Gurutzeta ere bildu da ekimenera, 332 ikaslerekin. Hala, 1.300 ikasle eta haien familiengana iritsiko da prestakuntza.

Ikasle, irakasle eta familiei zuzenduta da prestakuntza, eta honako gai hauek landuko dira saioetan: Sexu-identitatearen eraikuntza, Deseatzeko eskubidea eta Bizitzaren biografiak. Transexualek, sexologo profesionalek eta sexu-hezkuntzako begiraleek eta transexualitatearen arloko adituek egingo dute ikastaroa.

NAIZEN ESKUTIK DATORREN IKASMATERIALA

Ekintza hori balio-aldaketari eta emakumeen ahalduntzeari buruzko lan-ildoaren barruan kokatzen da, zehazki, sexuaren araberako estereotipoak eta rol sozialak ezabatuta balio-aldaketa sustatzeko Emakume Arloak duen helburuaren barruan. "Programa honen helburua da heztea, sexu-aniztasuna ikusgaitzea, estereotipoak gainditzea eta tresnak ematea sexualitatea gorputzen aniztasunaren ezagutzatik eta errespetutik, pertsona bakoitzaren sentimendutik eta adierazteko eta harremanak izateko moduetatik abiatuta sartzeko, bai eta transexualitatea ikusaraztea ere,sexu-askatasunaren aurkako diskriminazioa edo erasoak hautemateko eta prebenitzeko", zehaztu du alkateak.

Lan-ildo horri jarraituz, eta ikastetxeetan ematen ari den prestakuntza horren osagarri, Emakumearen Arloak sexu-aniztasunean oinarritutako hezkuntza-arloko esku-hartzeari buruzko materiala eskuratu du euskaraz, gero udalerriko 22 ikastetxeetan banatzeko. Halaber, udal liburutegietara eta Gazte Bulegora ere eramango dira gaztelaniazko eta euskarazko liburuak. "Naizenek egindako argitalpen berriaren berri izan genuen, eta uste genuen transexualitatearen gaian hainbeste esperientzia duten liburu horiek gure hiriko ikastetxeetan egon behar zutela", adierazi du alkateak; eide batez, eskerrak eman dizkio Naizeni, egiten duten lanagatik.

BARAKALDOKO IV. BERDINTASUN PLANA

Aldi berean, Udalak IV. Berdintasun Plana sortzeko lanari ekin dio urtarrilean; legegintzaldi honetako Emakumearen Arloaren proiektu estrategiko bat da. "Azken sei urteetan abian jarri dugun bigarren berdintasun-plana da hau, eta argi eta garbi islatzen du udal honek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin duen apustua", zehaztu du alkateak. Zehazki, plan berri hau modu parte-hartzailean landuko da, udalerriko elkarte feministekin eta emakume-elkarteekin, herritarrekin, udaleko alderdi politikoekin eta abarrekin batera. "Lan zabala da, eta Udalak berdintasunaren, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren, erantzunkidetasunaren, gazteen arteko harreman osasungarrien eta abarren inguruan dituen ildo estrategikoak finkatu nahi ditu. Lan horretan, gainera, lehen aldiz inplikatuko ditugu gizonak, maskulinitate modu berriei buruz eztabaidatzeko", esanez amaitu du.