BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak eragindako eragozpenak alde batera utzita, Barakaldoko Udalak arte eszenikoen aldeko apustua mantenduko du aurten. Hala, familientzako arte eszenikoen tailerrak eskaintzen dituen Kultur Zentroen Sareko programak aurrera jarraituko du.

"Eredu berri honek ondo funtzionatu du, eta aukera eman digu familientzako antzerkia eta magia programatzen jarraitzeko, pandemia gorabehera; horregatik, hiruhileko honetan errepikatu nahi izan dugu apustu hori, gure tokiko konpainien eskutik", azaldu du Nerea Canterok, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak.

Familia-jarduera parte-hartzailea eskaintzen du Barakaldoko Udalak, tailer didaktikoekin, eta ikusle gisa joan beharrean, familiek modu aktiboan parte hartzen dute. "Tailerretan, berriz ere proposatzen diegu familiei arte eszenikoak oso modu dibertigarrian esperimentatzen ikastea", adierazi du Canterok.

Familiiei zuzendutako Arte Eszenikoen programaren ohiko laguntzaile diren hainbat konpainia-profesionalek emango dituzte tailerrak, eta horrela, esku-txotxongiloak eraikitzen eta maneiatzen ikasiko dute, bai eta magiako trikimailu harrigarriak menderatzen, paperezko pertsonaiekin antzezpenak egiteko agertoki txiki bat sortzen, malabarismoekin zirkuko teknikak praktikatzen, eta eguneroko objektuei bizia emanez antzerkia egiten ere.

Jarduera 5 eta 11 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat da. Tailer bakoitzak kopuru mugatuak ditu pandemian prebentzio-neurriak aintzat hartzeko, eta doakoak dira. Parte hartu nahi izatera, izena eman beharko da aurretik; plazak zozketa bidez esleitzen dira. Astero izango da izena emateko aukera, astelehen eta astearteetan, tailer bakoitzerako, 944789485 / 944789552 telefonoaren bidez edo kulturbulegoa@barakaldo.eus posta elektroniko bidez (honako hauek adierazi behar dira: tailerra eta izena emandakoen izen-abizenak, NANa eta telefonoa - gehienez 3 lagun). Familia-talde bakoitzak heldu bata eta gehienez bi adingabe aurreinskribatu ahal izango ditu.

LAU TALER BERRI

Zehazki, 4 tailer eskaini dira euskaraz Gurutzetako Zentro Zibikoan, 18: 00etan, egun hauetan:

  • Urtarrilak 23 - Zotzekiko magia. Imanol Ituinok emana
  • Urtarrilak 30 - Maskarak. Laenananaranja konpainiak emana
  • Otsailak 6 - Paperekiko magia. Imanol Ituinok emana
  • Otsailak 27- Eskularruko txotxongiloak. Laenananaranja konpainiak emana

Aldi berean, tokirik lortu ez duten edo tailerra etxetik egin nahi duten familia guztiengana iristeko, tailer bakoitzari buruzko bideotutorialak zabalduko dira, Barakaldoko Udalaren Facebooken bidez.