BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 3D inprimagailuekin diseinatutako jostailuak banatu egingo ditu ahulezian dauden familien haurren artean. Nuria Rodriguez Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotzi ordezkari berriak ekimenaren berri eman du.

"Jostailu bat, irribarre bat" izenarekin, Barakaldo Makers elkarte teknologikoak eta Barakaldoko Babes Zibileko boluntarioek asmatu dute ekimena, eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa arloaren laguntza izan du.

"Une zailak bizitzen ari gara, covid-19 pandemiaren ondorioz, baina, aldi berean, Barakaldoko gizartearen izaera solidarioa ugaritzen ari da, ekimen honekin erakutsi den bezala. Ideia handia iruditu zaigu, eta, horregatik, lagundu eta erraztu egin dugu, gure hiriko elkarte-ehuna inplikatu ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriz ", azaldu du Rodriguezek.

Jostailuak % 100 seguruak dira eta adin desberdinetarako testatuta daude. Izan ere, tarteka banatu dira: 0 eta 2 urte eta 2 eta 5 urte bitartekoentzakoak psikomotrizitate-jostailuak dira, 6 eta 8 urte bitartekoentzakoak, berriz, adimen-garapenekoak eta 9 eta 12 urte bitartekoentzakoak, azkenik, helduentzakoak. Hegazkinak nahiz torloju eta azkoinak; elefante nahiz diana irudiak; denetarik dago, eta kolore desberdinetan.

13 URTETIK GORAKOENTZAKO MINTZALDIAK

"13 urtetik gorakoei hainbat MiNtzaldi eskainiko zaizkie 3D inprimagailuekin piezak egiten ikas dezaten. Bereziki motibatuko dituen zerbait inprimatzea da helburua. Kasu honetan, ekimena Barakaldoko haurrei zuzenduta dago. Ez bakarrik egoera sozial ahulean dauden familieI ", azaldu du Nuria Rodriguezek.

Abenduaren 28an eta 29an hasiko dira Barakaldoko Eskubaloi Klubeko harrobiko adingabeekin.

Eskerrak eman dizkie Nuria Rodriguezek Babes Zibileko eta Barakaldo Makerseko boluntarioei, bai eta Juan Antonio Pizarrok, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotzi gisa, haur kalteberak babesteko erakutsi duen interesagatik ere; izan ere, orain Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketako Kartera hartu baitu bere gain .

Babes Zibila jostailuak desinfektatzeaz arduratzen ari da, berme sanitario guztiekin irits daitezen Gizarte eta Hezkuntzako Esku-hartze Taldeen erabiltzaile diren familietako haur erabiltzaileengana.

Euskal Maker Covid-19 Aurka Komunitatearen, Nicolas Larburu institutuaren eta Santurtzi, Durango eta Bartzelonako makerren laguntza ere izan du Barakaldo Makersek ekimen honetarako, jostailuak egiteko txantiloiak eman baitituzte.