Covid-19ari aurre egiteko

'Aurrera Barakaldo!' programa abiarazi du Udalak

11.11.2020 | 12:01

BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 'Aurrera Barakaldo!' izeneko programa abiarazi egin du koronabirusaren aurrean sortutako barakaldarren beharrizanak asetzeko. Programa honek 2023ra arteko lehentasunezko jarduerak eta konpromisoak jasotzen ditu, koronabirusaren krisia hasi osteko erronka handiei erantzuteko.

Gorka Zubiaurre Alkatetza Arloko zinegotziak eman du dokumentuaren berri, eta Udaleko webguneko Gobernu Irekiaren atalean jarri dute, herritarrek kontsultatu ahal izan dezaten.

Pandemia piztu zenetik, Barakaldok 14 milioi euro bideratu ditu krisiaren ondorioak arintzen saiatzen diren ekimen eta proiektuetara, gizarte-laguntzetarako partidak zabalduz, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorera; inbertsio publikoaren bidez jarduera ekonomikoa sortuz; ekitaldi kulturalak egitearen aldeko apustua eginez. "14 milioi horiek beste proiektu batzuk abian jartzera bideratuko ziren, baina beharrezkoa izan da aurrekontua birplanteatzea, proiektuak atzeratzea -adibidez, Bagatzako Arte Eszenikoen Poloa edo Gorostizako kanpoko igerilekuaren estalkia-, eta gaur egungo lehentasunean inbertitzea, hau da, familia barakaldarrei eta krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzea", azaldu du.

"Legealdiko proiektuak birplanteatu behar izan ditugu, eta oinarrizko printzipio horiek islatu ditugu, hemendik 2023ra bitartean, krisia dela-eta egin beharreko inbertsioa alde batera utzita", adierazi du Alkatetzako zinegotziak. Aurrera Barakaldo! 9 lan-ardatzetan banatuta dago, eta gobernu-taldeak datozen urteetan egingo dituen 86 proiektu eta jarduera biltzen ditu. Hala, arlo hauek inplikatu dira: Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza; Gizarte Ekintza; Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Aniztasunaren Kudeaketa; Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala; Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuen Kudeaketa; Kultura, Hezkuntza, Kirola, Euskara eta Gazteria; Herritarren Segurtasuna; Emakumea; eta Etxebizitza, Hirigintza Plangintza eta Kudeaketa.

"Gaur aurkezten duguna gobernu-talde honen eta gure auzokideen arteko kontratua da; gure aldetik, ekintza horietako bakoitza gure hirian garatzeko konpromiso irmoa, eta horren bidez barakaldarrei egiten ari garen lanaren, proiektu bakoitza zetran den edo horiek martxan jartzeko aurkitzen ez ditugun zailtasunen berri emateko betebeharra", adierazi du. "Hau ez da tresna hau erabiltzen dugun lehen aldia gobernu-taldetik lantzen ditugun proiektuak herritarrei modu garden eta erabilgarrian erakusteko. Aurreko legealdian Barakaldon Asmoak Betetzen jarri genuen martxan, eta % 99ko betetze-maila izan zuen. Uste dugu horrelako dokumentu bat derrigorrezkoa dela erakunde publiko batentzat, are gehiago bizi dugun krisi egoeran ", azpimarratu du.

Dokumentuaren 9 ardatzetako bakoitzean proiektu zehatzak definitzen dira, ekimenaren helburua eta hirira ekarriko lituzkeen onurak zehatz-mehatz azalduta. "Gure bizilagunekin hartutako konpromiso zehatzak dira, eta Barakaldo krisialditik indartuta ateratzea nahi dugu, bi helburu nagusirekin: inor atzean ez geratzea eta barakaldarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea", esan du Zubiaurrek.

Proiektuan jasotzen diren 86 neurriak modu koordinatuan landu dira, Barakaldo udalerri indartsuagoa izan dadin egungo krisiaren aurrean, sozialki kohesionatuta eta ingurumena errespetatuz. "Azken batean, neurri multzo bat garatzeko konpromisoa hartzen dugu, barak herritarren beharrak ahalik eta modu egokienean asetzeko.

GARDENTASUNA KUDEAKETAN

Aurrera Barakaldo! Udalaren webgunean eskegita egongo da. Datozen hiru urteetan, barakaldarrek lehentasunezko 86 proiektu horien bilakaera ezagutzeko aukera izango dute; izan ere, webgunearen bidez, aldizkako kontu-emate bat eskainiko da, proiektuen bilakaera zehaztuz, eta baten bat garatzerik ez bada, zergatik izan den azalduko da.

"Legealdi honetan, Alkatetza Arloak Gobernu Irekia izena ere badu, eta hori aukeratu genuen, guretzat funtsezkoa delako arlo honetan lan egitea", azaldu du zinegotziak. "Erronka gisa hartu dugu herritarrei ahotsa ematea, herritarren parte-hartzearen, lankidetza publiko-pribatuaren eta gardentasunaren bidez. Hori dela eta, kontuak emateari funtsezko balioa ematen diogu; izan ere, gure auzokideek jakin behar dute zein diren Udalak bere bizi-kalitatea hobetzeko dituen proiektuak eta nola gastatzen duen beren dirua ", gaineratu du.