BARAKALDO. 2,2 milioi euro bideratuko ditu oraingo honetan Barakaldoko Udalak bi urtean behin egiten den Partaidetzazko Aurrekontuen kanpainara. Aurten koronabirusaren pandemiaren ondorioak pairatu dituzten familiei laguntzeko promosamenak bildu nahi dira. Gainera, auzoetarako partida berezi bat gorde da. Azaroaren 23an abiaraziko da.

"Pandemia partaidetzazko aurrekontuak sortzeko prozesuan geundela sartu zen bete-betean. Badakigu gure bizitza aldatu dela. Orain beste premia batzuk ditugu, beste lehentasun batzuk, eta horregatik, proiektua errealitate berri horretara egokitu behar dela uste dugu herritarrek egun dituzten premiak jasotzeko" azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrerekin batera.

Ekimen berri honetan Barakaldo aitzindaria da. Pertsonak eta ezohiko pandemia-egoerak sortutako premiak izango dira Partaidetzazko Aurrekontu horien lehen zatiko protagonistak, eta herritarrek sei esparrutan oinarritutako proposamenak bilduko dituzte:

  • Enplegua eta aktibazio ekonomikoa
  • Gizarte-eremua
  • Adinekoak
  • Kultura eta hezkuntza eremua
  • Mugikortasun jasangarria
  • Gazteria

"Pandemia era askotako egoerak sortzen ari da. Orain, urruntze sozialari eutsi behar diogu, aire zabaleko ekintza gehiago programatu behar ditugu, aurretiko hitzordua eskatu behar dugu hainbat erakundetan kudeaketak egiteko ¿ Guk herritarren parte-hartzearen alde egiten jarraitzen dugu, eta gure ustez, gaur egungo egoeran herritarrek asko dute esateko, beraz, Hiriko Proiektuen atala abian jartzea erabaki dugu. Oso argi daukagu, oraintxe bertan, lehentasuna pertsonak eta haien premiak direla", adierazi du alkateak.

PROPOSAMENAK AZAROAREN 23TIK ABENDUAREN 6RA BITARTEAN

Udalak adierazi duenez, herritarrek azaroaren 23tik aurrera aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. "Formulario bat bidaliko dugu Barakaldoko etxe guztietara, herritar guztiek izan dezaten parte hartzeko aukera. Gainera, webgune bat prestatuko dugu www.barakaldo.eus udal-web orriaren eta Barakaldo APParen bidez, herritarrek proposamenak egin ditzaten mugikorra, ordenagailua edo tableta baliatuz", azaldu du Herritarren Parte-hartzeko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Liburuxkak bete eta auzoetan dauden udal-instalazioen kanpoaldean Udalak jarriko dituen 10 postontzietan entregatu beharko dira: Udaletxeko atea, Clara Campoamor Zentro Zibikoa, Gurutzetako Zentro Zibikoa, Retuertoko Kultur Etxea, Zuhatzuko Kultur Etxea, Burtzeñako ludotekak, Lasesarreko kiroldegia, Errekatxoko CIHMA, Serraltako (Lutxana) elkarteen lokalen ingurumariak eta Kastrexana plaza.

Aurreko urteetan bezala, teknikari-talde batek aztertuko du definitutako proposamenen bideragarritasuna, bai eta horien kostu ekonomikoa ere. Aurrez ezarritako baldintzak betetzen dituztenak bozkatuko dira. Proposamenek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

Arestian aipatutako sei esparruetako batean sailkagarriak izatea; interes publiko orokorrekoak; udal-eskumenekoak; covid-19ren osasun-krisiaren ondorio negatiboak arintzeko baliagarriak; teknikoki bideragarriak; ondorengo ekitaldietako gastu ekonomikoa arriskuan jarri ez dutenak; gaur egun, Udalak planifikazio- edo egikaritze-fasean ez dauzkanak; Udalak dagoeneko egiten dituen zerbitzu, obra edo horniduretarako udal-partidan gastua handitzen ez dutenak; diru-sarrera publikoei eragiten ez dietenak; herritarren proposamenaren balorazio ekonomikoak ezarritako gehieneko muga (133.333,33 euro) gainditzen ez dutenak; zehatzak direnak, ondoren balorazio teknikoa eta ekonomikoa egiteko; eta kanpoan uzten dira erakunde publiko edo pribatuentzako zuzeneko dirulaguntzak edo laguntza ekonomikoak.

PROZESUAK BOST ETAPA DITU

Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua bost etapatan banatuta dago: proposamenak aurkeztea; txosten teknikoak egitea; ondoriozko proposamenei buruzko herritarren bozketa; proiektu bozkatuenak gauzatzea, eta kontuak ematea. "Prozedura hori jarraitzen ari gara 2017. urtean Barakaldoko lehen aurrekontu parte-hartzaileak abian jarri zirenetik", azpimarratu du Zubiaurrek. "Baina aurten benetan lehentasunezkotzat jo dugu herritarrek hitza eta botoa izatea zuzenean eragiten dieten gaietan, jasaten ari garen pandemiaren ondorioak kontuan hartuta. Horregatik, barakaldar guztiak animatu nahi ditugu prozesu horretan parte hartzera, proposamenak egitera eta, ondoren, horien bozketan parte hartzera, argi utziz zein diren herritarren lehentasunak une honetan, eta 1,6 milioi euro horien kudeaketari buruzko erabakiak hartu ahal izango dituztela", azpimarratu du Del Campok.

"Aurrekaririk gabeko une honek aurrekaririk gabeko partaidetza ere izan beharko lukeela uste dugu", azpimarratu du alkateak. "Pertsonen unea da, barakaldarrena. Horregatik gure herritarrak animatu nahi ditut proposamenak egitera eta herritarren parte-hartze prozesuan parte hartzera, eta guztion artean, gure gizarteko kolektibo oso jakin batzuetan gogor jotzen ari den pandemia horren ondorioak arintzen laguntzen duten proposamenak egin ditzakegu", adierazi du.

AUZOETARAKO PROZESUAK

Aurrekontuen lehen zati hau amaitu ondoren, Udalak auzo-proiektuak definitzeko prozesua hasiko du berriro. Horretarako, 600.000 euro daude (300.000 euro urteko), eta herritarrek beren auzoetarako beharrezkotzat jotzen dituzten beharrak edo proiektuak islatzen dituzten proposamenak egin ahal izango dituzte. "Lehen mailako auzoak eta bigarren mailako auzoak ez dituen Barakaldo nahi dugu. Neurri horri esker, biztanle gutxiago dituztelako, batzuetan ekimenetarako babesa izatea zailagoa den auzoek partaidetzazko aurrekontuen barruan proiektuak izateko aukera berberak izango dituzte", azpimarratu du alkateak. Bigarren prozesu hori 2021ean garatuko da. "Une honetan, herritarrei pandemiaren ondorioak arintzen lagunduko dieten hiri-proiektuetarako partidarekin hastea jo dugu lehentasunezkotzat", amaitu du alkateak.