BARAKALDO. Barakaldoko Udalak bisita gidatuak eskaintzen ari da urrian zehar Ramón Rubial Lorategi Botanikoaren Natur Gelara. Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok ekimen honen nondik norakoak azaldu egin ditu.

"Merezi du Barakaldoko dauzkagun erakargarritasun naturalak bete-betean ezagutzea; horien artean daude Munoa Finka eta Ramón Rubial Lorategi Botanikoa. Benetako bi bitxi berde dauzkagu hirian", gogoratu du Delgadok.

Joan den urriaren 4an hasi ziren bisita gidatuak Munoako lorategian gazteleraz egin zen ibilbidearekin. Hilaren 25ean egingo da euskarazkoa, 11:30ean hasita. Hitzordu biak daude sartuta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan.

Bestalde, lau bisita gidatu egingo dira Ramón Rubial Lorategi Botanikoan: 14 eta 28ko asteazkenetan, gazteleraz, eta 16 eta 30eko ostiraletan, berriz, euskaraz. Ibilbide guztiak abiatuko dira 11:30ean. Horrez gainera, `Lorategiko landare pozoitsuak' izango da hileko bisita berezia . Urriaren 21ean, gaztelaniaz, eta 23an, berriz, euskaraz. Ordutegia, San Bizente auzoko instalazioetara egingo diren bisitaldien berbera. 2002an zabaldu zituen lorategiak ateak, Carlos Pera alkate zela.

BISITAK `NAHIERAN'

`Nahieran' ere eskaintzen ditu bisitak 'Natur Gelak', alegia, eguna eta ordua aukeratzea dauka bisitariak jardueretakoren bat egiteko. Horretarako, baina, tokia libre egon beharko da. Horrez gainera, taldeak txikiak izan behar dute, 4-10 lagunekoak.

"Birusa gure artean da oraindik, eta parte hartu nahi duenak musukoa jantzita eduki behar du. Jarduera guztiek aintzat hartzen dituzte osasun agintariek ezarritako segurtasun eta higiene neurriak", azpimarratu du Alba Delgadok.

Gaurtik aurrera, interesa dutenek jarduera horien berri izan dezakete, bai eta izena eman ere, 695748832 telefonora deituz, Natur Gelara agertuz edo Naturgela@barakaldo.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ) ere eman dezakete izena 010 telefono zenbakira hots eginez, Barakaldo bertatik, edo 944 789 200 zenbakira, kanpotik deituz gero. Bestela, BarakaldoApp bidez (Google Playtik deskargatuta) edo Barakaldoko webguneko egoitza elektronikoa baliatuz.