BILBO. Koronabirusaren pandemiak eguneroko bizitzako jarduera eta ohitura ugari moldatzera behartu egin du, bai pertsona fisiko zein erakundeei. Hori dela eta, Barakaldoko Udalak protokolo berezia abiarazi zuen aurrez aurreko zerbitzua berrirekitzeko orduan, langileen zein herritarren segurtasuna bermatzeko. Orain, hilabete batzuk pasata, zerbitzu horien balorazio ona egin da. "Udalak arreta guztiz segurua eskaintzen die herritarrei, birusaren hedapena saihesteko prebentzio-neurriak errespetatuz", adierazi du Alkatetzako zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Zinegotziak horrela erantzuten die gaur goizean Elkarrekin Barakaldo udal-taldeak egindako akusazioei, eta "arduragabekeria" dela ere esan die "gaur egungo egoeran herritarren artean kezka sor dezaketen mezuak" bidaltzeagatik. "Bizi dugun pandemia-egoerak eragozpenak sortzen ditu eremu guztietan, eta Udala ez dago eremu horretatik kanpo. Hala ere, herritarrei eta udaleko langileei bermeak eskaintzen dizkien jarduera-protokolo bat ezarri da, garbitasuna asko zainduz, arretarako txandak ezarriz, herritarrei informazioa emanez eta zerbitzuaren erabiltzaileen eta langileen arteko distantzia soziala ziurtatuz ", adierazi du.

Protokoloa Laneko Prebentzio eta Osasun Zerbitzuaren jarraibideak betez egin zen, eta udal-sindikatuei aurkeztu zitzaien. "Gainera, pandemiaren bilakaeraren arabera berraztertu egiten da, eta Laneko Prebentzio eta Osasun Zerbitzuak udaleko edozein langileren proposamenak aintzat hartzen ditu; beraz, inoiz ez bezalako egoera honetan aparteko lana egiten ari direla uste dugu", azpimarratu du Zubiaurrek.

15 MINUTUKO HITZORDUAK

Zehazki, 15 minutuko txandak ezarri dira pertsonako, kudeaketa gehienak denbora horretan egiten direlakoan. "Beti dago luzatzen den kudeaketaren bat, eta, horregatik, agendan tarte libre bat uzten da, denbora hori konpentsatzen laguntzeko eta HAZen arreta ematen duten langile guztiek beren txanda dagokien orduan amaitu ahal izateko", azpimarratu du Zubiaurrek.

Gainera, goizeko lehen orduan garbiketa osoa egiten da, beste bat goiz erdian, eta beste bat lanaldia amaitzean. Herritarrek kutsatuta egon zitezkeen dokumentuak entregatzea ere zalantzan jarri zen. "Administrazioan kaleko dokumentazioa jaso behar dugu, baina funtzionario bakoitzak badaki zer protokolo jarraitu behar duen horretarako", adierazi du zinegotziak.

Bulego elektronikoei dagokienez, nabarmendu behar da urruneko kontrol bidezko laguntza-sistema bat ezarri dela horiek erabiltzeko zailtasunak dituen ororentzat.

Bestalde, herritarrei arreta jasotzeko nondik sartu behar duten adierazteko, udal-langileak jarri dira bakoitzari dagokion leihatilara laguntzeko, eta "beraz, ez da beharrezkoa nahasketa sor dezaketen geziak margotzea, arretarako kasuistika asko baitaude", erantzun du Zubiaurrek. "Langile horiek maskara daukate jarrita; izan ere, prebentzioak ez du gomendatzen pantailak erabiltzea, deserosoak direlako eta ez delako beharrezkoa langileak eta herritarrek maskara erabiltzen badute".

Zubiaurrek, tamalez, esan du Elkarrekin Barakaldok populismoa egiten jarraitzen duela gai garrantzitsu hauekin, "udaletxera joaten diren bizilagunei beldurra sorraraztea arduragabekeria da. Osasun-arloan hartutako erabakiak udal-teknikariek beraiek planteatutakoak izan dira. Akusazioak ez dira kontrastatu ere egin, eta justifikaziorik gabeko alarma sortu nahi izan dute. Etsipena da zinegotzi horien jokabide arduragabea ikustea, dena ez baita zilegi politikan".