BARAKALDO. Barakaldok Gazte Artea Ezkerraldean ekimenaren zortzigarren edizioaren anfitrioia izango da. Barakaldoko, Sestaoko, Portugaleteko eta Santurtziko gazte bana hartuko dute parte Bizkaiko Foru Aldundiak eta lau udalek antolatu eta babestutako ekimen honetan.

Hala, San Juan kaleko Gazte Bulegoan lau artisten erakusketa dago joan den ostiraletik: Adrián Piedra Rodríguez (Barakaldo), Ander Cerrato Villalba (Santurtzi), Beatriz Vicente Diez (Sestao) eta María Trejo Calderón (Potugalete). Erakusketa Barakaldon bisitatu ahal izango da urriaren 29ra arte, azaroaren 2tik 21era arte Santurtzin, Mamariga Kultur Gunean; azaroaren 23tik abenduaren 21era arte Sestaoko Udal Musika Eskolan eta 2021eko urtarrilaren 4tik 30era arte Portugaleteko Gazte Gelan.

Barakaldoko alkate Amaia del Campo eta Bizkaiko Behatokiko zuzendari Maitane Leizaola gainerako udalerrietako Gazteriako zinegotziekin batera gaur goizean joan dira erakusketa ikustera: Barakaldoko Jonathan Martín, Santurtziko Itsazain Ortolatxipik, Sestaoko Patricia de la Torre eta Portugaleteko Txema Ezkerra. "Erakusketa hau martxan jartzea, zalantzarik gabe, berri ona da. Pandemia garaian egon arren, aurrera jarraitzen dugu, kulturaren alde egiten eta gure gazteei arlo horretan hasierako laguntza ematen", adierazi du alkateak, eta Bizkaiko Foru Aldundiari horrelako ekimenen aldeko apustua egitea eskertu dio.

Zortzigarren edizio honetako artistak hauek dira:

  • Adrián Piedra Rodríguez (Barakaldo). Argazkigintza eta elektrografia digitala
  • Ander Cerrato Villalba (Santurtzi). Argazkigintza erakusketa bikoitz analogikoan
  • Beatriz Vicente Díez(Sestao). Grabatua eta pintura
  • María Trejo Calderón (Portugalete). Argazkigintza

Erakusketa martxan jarri da, covid-19 prebenitzeko beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurriak betez. Beraz, instalazioetara maskararekin sartu beharko da, eskuak hidrogelarekin garbitu beharko dira eta erakusketa jarriko den ekipamendu bakoitzean ezarritako edukiera mantendu beharko da. Urrian, erakusketari buruzko bideo batzuk zabalduko dira Gazteria udal-zerbitzuetako sare sozialetan, erakundeen arteko programa hau ezagutarazteko, bai eta bisitatu ahal izango diren obrak eta horien egileak ere.

LANKIDETZA GAZTERIA ALORREAN

Azken urteotan, Ezkerraldeko udalek eta Bizkaiko Foru Aldundiak Udal Gaztedi estrategia garatu dute. Udal Gaztedik Bizkaiko gazteei zuzendurik dauden emantzipaziorako ekimenak bideratzeko ekintza estrategia globalak sustatzea du xede, bai eta autonomia, gizarteratzea, berdintasuna, parte-hartzea, elkartasuna, identitate kulturala eta mugikortasuna bultzatzea ere; beraz, eskualdeko hitzarmenak dituzte jarduera desberdinak garatu ahal izateko.

Esparru horretan, Ezkerraldea Gaztedi izeneko kontraste-foro teknikoa sortu da ezkerraldeko udalerrietan, gure eskualdean gazteen emantzipazioa sustatzen duten zerbitzuak, proiektuak eta jarduerak koordinatzeko, eta esparru horretan dago Ezkerraldean Gazte Artea.