BARAKALDO. Barakaldoko Udalak 440.000 euroko aurrekontua bideratuko du Zuhatzu-Arteagabeitia auzoko hiru kaleak berrurbanizatzeko lanak aurrera eramateko. Konponduko diren kaleak Forudunak, Santo Domingo Guzmán eta Manel de Falla izango dira.

Zehazki, kaleen diseinua gaurkotuko da, hiriko kale berriztatuen itxurarekin bateratuaz. Horretarako, zoladura eta argiztapena hobetuko dira eta, zenbait kasutan, aparkalekuetako tokiak ugarituko.

Horrek esan nahi du, oraingo espaloiak eraitsi, euri-uren, ur zikinen, argiztapenaren, hornikuntzen eta telekomunikazioen sareak berritu eta Forudunak eta Santo Domingo de Guzmán kaleak asfaltatu egingo dituztela. Kale berrietan Barakaldo motako harlauza hidraulikoa jarriko da, bi tonalitateetan. Harlauzak ez-labaingarriak izango dira.

APARKATZEKO TOKI GEHIAGO

Forudunak eta Santo Domingo Guzmán kaleetako aparkalekuetan norabidea aldatzea aurreikusten du proiektuak, aparkalekutik segurtasun handiagoz irteteko. Horrez gainera, Ekonomia kaleko aparkatzeko toki kopurua handituko da, gaur egun linean dauden tokien antolamendua aldatu eta bateria zeihar bihurtuz.

Inguruko argiztapena ere berrituko da, argi efizienteagoak jarriz. Manuel de Falla kaleko aginte koadroaren ordez beste bat ipiniko da.

Forudunak kalean farol berri bat ipiniko da zuhaiztiaren aldamenean, orain espaloian sortzen den gune iluna argitzeko.

HIRI ALTZARI BERRIAK

Hiri altzariei dagokienez, bost paperontzi berrik osatuko dituzte lehendik daudenak. Horrez gainera, edateko ur sare berria baliatuko da Santo Domingo de Guzmán eta Forudunak kaleen artean dagon plazatxoan iturri bat jartzeko. Partxis eta xake-joko mahai bana jarriko dute, jesarleku eta guzti.

"Irrikaz daude auzoko bizilagunak lanak amaituta ikusteko. Jarduna erabatekoa da, Eguzkiagirreko arrapala mekaniko berriek ingurunearekin bat egiten duten hiru kale horien barrualdea eta kanpoaldea berrituko baita", azaldu du Hiriko eta Auzoetako Lan eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloko Jon Andoni Uria zinegotziak.