BARAKALDO. Udazkenaren hasierarekin batera, Barakaldoko Udalak kultura sustatzeko duen konpromisoarekin darrai aurrera. Hala, urtea bukatzeko falta diren lau hilabeteetan hogei bat erakusketa eskainiko ditu, irailean bertan hasita. Clara Campoamor eta Gurutzeta zentro zibikoetan, Gazte Bulegoan, Udal Erakusketa Aretoan eta Errekatxoko HIIZen ikusi ahal izango dira hainbat pintura, erretratu eta argazki erakusketa.

Kalitatezko erakusketa-programazio bat eskaintzea lortuko dute erakusketa-gune guztiak batera jardunez, Nerea Cantero zinegotziak zuzentzen duen Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloak koordinatuta, oso gai desberdinak ukituz: direla dibulgaziozkoak direla artistikoak, hala nola, pintura, argazkia, grabatuak; bertako artista eta taldeenak edo beste udalerri batzuetakoak nahiz nazioartekoak.

Hil honetako azken hamabostaldian, Marta Ubiarena EHUko Pintura Masterreko ikaslearen pintura erakusketa izango da Clara Campoamor Zentro Zibikoan.

Gazte Bulegoan, berriz, Arte Ederretako ikasle Iñigo Hernández gazteak Bzoch obra zintzilikatuko du irailaren 30era arte, teknika mistoz egindako tamaina handiko erretratu errealistez osatua.

Mater Metalurgia. La Ría de Bilbao 1979-2019. Homenaje a Churruca izeneko argazki erakusketa antolatu du, bestalde, Juan de Los Toyos Fundazioak, eta Gurutzetako Zentro Zibikoan egongo da ikusgai irailaren 25era arte. Bilboko itsasadarraren bizitza eta bilakaeraren irudiak erakusten dira, industrializazioaren azken urteetan eta aisialdirantz egin duen bidean, bereziki nabarmenduz Emiliano Churrucaren arkitektura lanak.

Udal Erakusketa Aretoak EHUko Arte Ederretako Fakultateko hamar bat ikasleren hogei pintura obra erakutsiko ditu.

Azkenik, zabalik jarraitzen duen Luis Choya Almaraz HIIZn, La Roya de la Orconera erakusketaz gozatu ahal izango dute bisitariek. Talía Colodrónen irakurketa grafiko eta pertsonalari sortu zaion proiektu bat da, gaur egun industria ondarea jasaten ari den hondamendiaz mintzo zaiguna. Horretarako, burdinaren ahurra eta ifrentzua diren material bereziak aukeratu dituela: mea eta oxidoa.