BARAKALDO. Barakaldoko Hizkuntza Eskolaren ondoan dagoen Anaien parkeak bigarren eskuko Bizikleten Merkatuaren lehenengo edizioa hartuko du irailaren 19an, larunbata. Ekimen hau Mugikortasunaren Europako Astearen barruan dago. Gaur goizean, hilak 8, Barakaldoko Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok aurkeztu egin du egitasmo hau.

"Mugikortasun iraunkorra bultzatu nahi badugu, bidegorri gehiago eraikitzeaz eta kontzientziazio kanpainak abiarazteaz gain, bizilagunei garraiobide ez kutsakorrak (bizikleta edo patinetea) erabiltzea erraztu behar diegu. Horretarako, garrantzitsua da ekonomia zirkularra sustatzea. Izan ere, familia guztiek ez dute horrelakoak erosteko baliabiderik, eta, aldi berean, badira erabiltzen ez diren bizikletak edo patineteak dituzten familiak. Horrelako ibilgailuei bizitza berri bat emateko modu bat da merkatu hau, bai eta arrazoizko prezioan erosteko prest daudenei aukera ematekoa ere", azaldu du Alba Delgadok.

Merkatuak 10:00etatik 14:00etara iraungo du, baina bizikletak eta patineteak gordailuan uzteko ordutegia 08:30etik 10:00etara izango da. Egoera onean dauden ibilgailu erabiliak baino ez dira onartuko, eta aldez aurretik eman behar da izena telefono honetan: 943 670 249. Zenbaki horretan, halaber, interesdunen zalantzak argituko dira.

Adin nagusikoek hartu ahal izango dute parte merkatuan, eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira. Prezioei dagokienez, 500 eurotik gorako salerosketak ez dira onartuko.

Covid-19ak eragindako pandemia dela eta, merkatuan derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea, eta Udaleko Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak kutsatzeei prebenitzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak aplikatuko ditu, indarrean dagoen araudia betez.

Alba Delgadok ekimenean parte hartzeko deia egin die barakaldarrei. "Nahiago nuke pertsona asko animatuko balira bizikleta edo patinetea erostera, gero eguneroko bizitzan erabiliko balituzte. Aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko eta bizi-ohitura osasungarriagoak izateko modu bat da", nabarmendu du.

Zinegotziak jakitera eman duenez, barakaldarren artean zero emisioko mugikortasuna sustatzeko liburuxka banatuko dute. Dokumentu horretan, honako aholku hauek ematen dira:

  • Ibiltzea beti da aukerarik onena. Lanera joateko, erosketak egiteko edo aisialdian. Ingurunearekin eta pertsonekin harremanak izaten laguntzen digun praktika osasungarria.
  • Erabili bizikleta hiriko joan-etorri laburretarako. Aprobetxatu bidegorriaren zatiak. Errespetatu zirkulazio-arauak (espaloiak, oinezkoak, aparkalekuak...). Jantzi kaskoa, eta erabili txirrina eta argia beharrezkoak direnean.
  • Erabili garraio publikoa ahal duzun guztietan. Autobusa, metroa edo trena bezalako bitartekoak aukera ezin hobeak dira hiriguneetan mugitzeko. Ez dezagun inoiz ahaztu gizalegezko oinarrizko arauak errespetatzea.
  • Autoa partekatu. Autoa ezinbestekoa bada, saiatu bidaiak beste pertsona batzuekin partekatzen. Ibilgailu bat erosterakoan, galdetu aukera ekoeraginkorrenei buruz.

Bigarren eskuko bizikleten lehen merkatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren finantzatu du.