BARAKALDO. Ikasturte berriari hasiera emateko pare bat egun falta direlarik, Barakaldoko Udalak ikasle zein irakasleen segurtasuna eta osasuna bermatu nahi du uneoro. Horregatik, garbiketa eta desinfekzio zerbitzua indartuko du instalazio publikoetan ikasturtearen hasieran,

Gainera, Eudelekin koordinatuta aritu da hezkuntza-lokal gisa erabil daitezkeen udal espazioak ezartzeko, eta Udaltzaingoarekin eta Babes Zibilarekin batera lan egin du eskoletara itzultzeko lehen egunetan ikasleen sarreretan eta irteeretan laguntzeko.

Sei hilabetez ekipamendu, ikastetxe eta kultur etxe askotan aurrez aurreko jarduerarik gabe egon ondoren, ateak irekiko dituzte berriro. Jarduera berriari aurre egiteko, indargarri bat antolatu da, udal instalazioak eta lokalak garbitzeko zerbitzuaren indarreko kontratua aldatuz. "Guztion artean gure auzokideei osasun-berme guztiei eusteko behar diren tresnak eman behar dizkiegu; hori dela eta, Udalak milioi bat euro gehiago inbertituko du osasun-agintariek gomendatzen dituzten garbiketa- eta desinfekzio-lanak egiteko, baldin eta gaur egungo egoerak 2021ean bere horretan irauten badu", azpimarratu du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.

"Espazio publikoetako garbiketaren inguruko prebentzio-neurriak (ikastetxeetakoak, adibidez) ezagutu ondoren, horiek betetzeko egin beharreko lanaren gutxi gorabeherako kalkulu bat egin da, eta, enpresa kudeatzailearekin bat etorriz, kontratua luzatu da zerbitzua egungo egoeraren arabera eman ahal izateko eta pandemiaren bilakaeraren arabera sor daitezkeenei erantzuteko", azaldu du Del Campok. "Udal kutxak 340.000 euroko kostua izango du irailetik abendura bitarteko lauhilekoan. Egungo egoerak 2021ean jarraituko balu, milioi bat euro inguruko inbertsioa egin ahal izango da zerbitzu hori emateko. "Begi-bistakoa da ezohiko gastu hori ahalegin handia dela Udalaren kutxarako, jasoko ditugun 12 milioi euroko diru-sarrerei eta familia ahulenei laguntzeko 6 milioi euro baino gehiagoko inbertsioari gehitu behar baitzaie. Udalok laguntza behar dugu gastu horiei aurre egiteko, eta Europatik heldu diren laguntzak Udaletara ere iristea espero dugu", azpimarratu du Del Campok.

Hala, bada, datorren astelehenetik aurrera, udal instalazioek hiru garbiketa izango dituzte egunero, eta arreta berezia jarriko da erabilera komuneko zonetan, erabiltzaile edo ikasleen eta langileen gune pribatuetan, bainugeletan, eta abarretan. "Eskerrak eman nahi dizkiet zerbitzu honen ardura duen enpresari eta langileei akordioetara iristeko eta lan garrantzitsu hori egiteko prest egoteagatik", adierazi du alkateak.

Ikastetxeei dagokienez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek jasoko dute neurri hori, hala nola Haur Eskolek, Euskaltegiak, Udal Musika Kontserbatorioak, Gurutzetako Haurreskolak, HHEk, Bituritxa HHIk eta Larrazabalgo Eskolek. Ekimenak, halaber, udaleko gainerako instalazio eta lokalak ere hartzen ditu, hala kulturaren nola gizartearen arlokoak.

ZUZENEKO KOMUNIKAZIOA IKASTETXEEKIN

Pandemiari aurre egiteko behar berriei aurre egiteko prestatu du Udalak bere burua. Ildo horretan, ikastetxeekin harremanetan jarri da, haien zalantzei erantzuteko eta haien beharrak egiaztatzeko. Horrela, ikasleen sarrerak eta irteerak ahal den neurrian kontrolatzeko lankidetza-eskaerari erantzuten zaio, batez ere lehen jardunaldietan. "Horretarako, Babes Zibileko taldearen eta Udaltzaingoaren laguntza izango dugu, distantziak betetzen direla zaintzeko. Trafikoa ere kontrolatuko dute, hala behar izanez gero", azpimarratu du Del Campok.

EUDELEN ESKURA JARRITAKO LOKALEN ZERRENDA

Gainera, Udalak Eudel-Euskadiko Udalen Elkarteareneskariei ere erantzun die, eta udal instalazioen zerrenda bat bidali du, hiriko hezkuntza guneak handitu beharko balira ere. Zerrendan sartu dira Clara Campoamor, Retuerto eta Zuhatzu kultur etxeak, udal liburutegiak, gizarteratzeko zentroa (ISZ), Natur Gela, Larrazabalgo eskolak, CIHMA Luis Choya, Lasesarreko frontoia, Barakaldoko frontoia eta Gorostitzako kiroldegiko pabiloia.