BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloak osasun neurrien protokoloa jarri du martxa udal baliabideak darabiltzan etxerik gabeko pertsona batek positiboa eman eta gero.

Pizarrok aditzera eman duenez, erabiltzaile bat birusak kutsatu zuela jakin bezain laster jarri zen harremanetan Arloa Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko eta Diputazioko Gizarte Ekintza departamentuekin, arazoari lehenbailehen erantzuteko.

Zehazki, Derioz ostalaritzako ostatua eman zitzaion, eta han geratuko da frogak negatibo eman bitartean; horrez gainera, pertsona horrek aterpetxean eta eguneko zentroan izandako harreman estuak arakatu ziren, PCR frogak eginez detektatutako zortzi lagunei. Berehala isolatu zituzten Bilboko Siervas de María egoitzan, eta Arloa zain geratu da emaitzak eman arte.

Aldi berean, Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadorekin jarri zen harremanetan Juan Antonio Pizarro, Barakaldoko etxerik gabeko pertsonentzako udal baliabideak - Lasesarreko aterpetxea eta Santa Teresako Eguneko Zentroa - desinfektatzeari ekiteko. San Bizenteko jantokia ere desinfektatu du zerbitzu hori emateko kontratatua izan den enpresak.

"Lehendik prestatutako protokoloari esker, berehala eta eraginkortasunez jardun ahal izan da. Etxerik gabekoen osasuna eta herritar barakaldar denak babestea da neurri horien guztien helburua", azpimarratu du Enplegu, Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak, eta eskerrak eman ditu alor guztietatik jasotako erakundearteko laguntzagatik: Udaletik beretik, Alba Delgadok zuzentzen duen Garapen Jasangarria eta Ingurumen Naturala Arloaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikotik Juan Antonio de la Ricaren eskutik eta Teresa Laespada ahaldunak zuzentzen duen Gizarte Inklusioko foru departamentuaren bidez.

Era berean nabarmendu du aterpetxearen eta eguneko zentroaren kudeaketaz arduratzen den Goizitiri elkartearen lankidetza, bai eta jantoki sozialen zerbitzua ematen duen Cáritasena ere.