BARAKALDO. Dagoeneko zabalik dago Barakaldoko Udalak herriko ekonomia suspertzeko martxan jarritako 'Barakaldo konsumo bonoa' kanpainan parte hartzeko izena emateko epea. Guztira, 22.000 kupoi jarriko dira enpresa eta autonomoen esku. Bono bakoitzak 10 euro kostatuko ditu, baina 15 euroko balioa izango du eta nominala izango da.

"Dendak, tabernak, jatetxeak eta zerbitzuetako establezimenduak pertsianak altxatzen hasi diren honetan, inoiz baino gehiago behar dute gure bultzada", adierazi du Amaia del Campo alkateak ekimenaren aurkezpenean. "Haiek ematen diote bizia hiriari eta Barakaldarrak hor egon behar gara babesa emateko. Gure saltokian erostea eta gure ostalaritzan kontsumitzea Barakaldo biziagoa sustatzen laguntzea da, zerbitzu gehiago eta lan-aukera gehiago dituen udalerri bat lortzeko", ziurtatu du.

Bonu-kanpaina hau guztiz desberdina da hirian orain arte garatu direnen aldean. Oraingo honetan, Inguraldek kudeatuko du saltokiak kanpainara atxikitzea eta bonuak banatzea. Bonuak herritarrei atxikita dauden dendetan egongo dira eskuragarri. "Gainera, parte hartzen duten denda eta ostalaritza-lokal guztiek berdin jasoko dute kanpaina hau, eta bonu kopuru bera izango dute. Hori iruditzen zaigu garrantzitsuena", Alkateak azaldu du.

"Ez dugu ekimen horrek barakaldarren artean harrera ona izango duelaren zalantzarik, baina une honetan, interesatzen zaiguna hiriko enpresen artean partaidetza handia lortzea da, arrakasta bermatzeko".

Parte hartzea zabalik dago alarma-egoeran itxita egon edo ez egon nahi duten establezimendu eta enpresa guztientzat Gaur onartu diren oinarrien arabera, hauek izan daitezke kanpainaren onuradun: merkataritza sektore osoa (supermerkatuak edo elikagaien salmentarako 400 m2-tik gorako azalerak dituztenak izan ezik), ostalaritza (aldi baterako lokalak eta zerbitzu bereziak izan ezik), konponketak eta zerbitzu pertsonalak (etxeko zerbitzuak ez dira sartzen).

110.00 EUROKO INBERTSIOA ETA KANPAINA BERRI BAT UDAZKENEAN

Ekimena Barakaldoko Udalak osasun krisiari aurre egiteko bultzatutako neurri sortaren parte da, eta tokiko kontsumoa maila guztietan dinamizatzea du helburu. Ildo horretan, balio nominal txikiko bonuak sortzearen aldeko apustua egin da, prezio txikiko produktuak edo zerbitzuak saltzen eta ematen dituzten negozioak ere neurri horretaz baliatu ahal izateko.

Udalak 110.000 euroko partida bideratuko du Inguraldek aurreikusitako 22.000 bonu bakoitzarentzat jarriko dituen 5 euroetara. Ekarpen horrek %33ko aurrezpena ekarriko dio kontsumitzaileari bonuetako bat erabiltzen duen bakoitzean.

Litekeena da kanpaina udazkenean errepikatzea, beste 22.000 kontsumo bonu zirkulazioan jarrita, eta, ondorioz, Udalak 110.000 euroko beste ekarpen bat egingo du herriko erosketa eta kontsumoa sustatzeko.

Kanpaina abian jartzeko, Barakaldoko Udalak hainbat bilera egin ditu merkataritza eta ostalaritza elkarteekin, eta, horri esker, sektorearen ideiak eta proposamenak jaso ahal izan dira, ondoren gauzatu ahal izateko.

Establezimenduak atxikitzeko prozesua amaitzen denean, bonuaren erosketa eta erabilera sustatzeko herritarrei zuzendutako kanpaina abiaraziko du Udalak. Bonuak zuzenean erosi beharko dira erabiliko diren establezimenduan eta erosketa edo kontsumoa egiten den unean.

IZENA EMATEKO EPEA, UZTAILAREN 1ERA ARTE

Kanpainan izena emateko epea zabalik egongo da oinarriak BAOean argitaratu eta hurrengo egunetik, hau da, ekainaren 27ko 00:00etatik uztailaren 1eko 23:59ra. Interesa duten establezimenduek, Udalaren Egoitza Elektronikoan eta www.inguralde.eus webgunean eskuragarri dagoen eskabide orria behar bezala beteta aurkeztu beharko dute.

Dinamizaziorako estrategiaren barruan, parte hartzen duten negozioek hauek izango dituen kit bat jasoko dute: establezimendu parte-hartzailea kanpainaren irudiarekin identifikatuko duen kartela; kanpainaren baldintzak azaltzen dituen orria; eta zenbakidun bonuak dituen paketea.

Kit horiek jasotzeko puntuak ACE, ABK eta San Bizente merkataritza elkarteak izango dira. Aurrekoen bazkide ez diren herriko enpresentzat Gurutzetako eta Clara Campoamor kultur etxeak eta Bidegorrian dauden Inguraldeko bulegoak (Dolores Ibarruri pasealekua, B lokala, Ibarra kalearekiko izkina) gaitu ditugu, kitak emateko.

Kitak uztailaren 3an, 6an eta 7an jaso ahal izango dira. Une horretatik aurrera dena prest egongo da, herritarrek jakin dezaten kontsumoa sustatzeko tresna bikaina dutela eskura, eta horrek zuzenean mesede egingo diela erosketaren heren bat aurreztuko baitute.

Kanpainari atxikitzeko edozein zalantza argitzeko 944 789 400 eta 944 789 395 telefono zenbakiak daude erabilgarri.