Lurrera botatzeak isuna ekar dezake

Maskarak eta eskularruak paperontzietara botatzeko deialdia egin du Barakaldok

30.05.2020 | 12:33

BARAKALDO. Barakaldoko Udaleko zinegotzi diren Alba Delgadok eta Ángel Madrazok erabilitako maskarak eta eskularruak paperontzietara botatzeko dei egin diete barakaldarrei. Zinegotziek gizalegez joka dezaten eskatu diete herritarrei, koronabirusaren kutsaduretatik babesteko elementuak lurrera botatzeak isunak ekar dezakela gogoratuz. Azken egunetan maskara eta eskularru asko agertu izan dira Barakaldoko espaloi eta berdeguneetan botata.

Delgadok eta Madrazok gogorarazi dutenez, mota horretako hondakinak botatzeko ekintza arau-hauste arin gisa tipifikatuta dago Bide Garbiketako Udal Ordenantzan. Zehazki, araudi horren 143. a) artikuluak honako hau jasotzen du: "Debekatuta dago bide publikoan bolumen txikiko hondakin solidoak (paperak, zigarrokinak, bilgarriak, ileak edo antzekoak) botatzea", eta horren karietarako zehapena, ohartarazpena izan daiteke batetik bai eta gutxienez 300 euroko isuna ere.

"Azken egunotan batez ere, kexa asko iritsi zaizkigu, kalean, erabilitako eskularruak eta maskarak agertu direlako. Ez dugu ulertzen gizalegearen aurkako pertsona batzuek gauzak lurrera botatzea eta beren ingurunea errespetatzeko gauza ez izatea. Maskara eta eskularru horiek hondakin kutsagarriak izateaz gain, osasun arriskua dakarte gainerako herritarrentzat", azaldu du Alba Delgadok, eta erabilitako maskarak eta eskularruak gainerakoen frakzioko edukiontzira (ez plastikoen horira) joan behar direla gogorarazi du.

Bestalde, Angel Madrazok ohartarazi du Udaltzaingoa adi egongo dela arauak betearazteko: "Agenteek ez dituzte onartuko barakaldarrei kalte egiten dieten gizalegearen kontrako horrelako jarrerak".