Behar duten familiak laguntzeko

Barakaldoko Udalak 'Taper solidarioa' ekimena abiarazi du

27.04.2020 | 11:32

BARAKALDO. Baztertuta geratzeko arriskuan dauden haurrak dauzkaten familiak laguntzeko helburua duen 'Taper solidarioa' izeneko ekimena abiarazi du Barakaldoko Udalak. Gizarte-kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotzi den Juan Antonio Pizarrok ekimenaren nondik norakoak azaldu egin ditu.

"Argi dugu ez dugula inor atzean utziko, eta haurrak babestu behar ditugula bereziki. Covid-19k eragindako osasun krisiaren ondorioz, gero eta familia gehiago dago egoera zaurgarrian; Aunar elkartearekin hitz egin dugu elikatzen laguntzeko programa berrabiarazteko", azaldu du Pizarrok.

Programak, sareko lan sistema baten bidez, jatetxeek eta sukalde kolektiboek egunero sortzen duten janari soberakina aprobetxatzea du helburu (adibidez, 'Catering' enpresak). Janari hori ontzi eta poltsa isotermikoetan ematen zaie familiei, izoztuta baitago kontserbatu ahal izateko. Aunar arduratzen da prozesu hori koordinatzeaz eta menua gizarte-zerbitzuek adierazitakoei helarazteaz.

"Krisi egoera honetan, ekimena egoera berrietara egokitu behar izan da. Elikagai enpresak produktu freskoak ematen ari dira, eta boluntario batzuek prestatu egiten dituzte. Horrez gainera, janaria etxez etxe banatzen jarraitzen dute hainbat jatetxek. Beste batzuek, berriz, erabiltzeko moduan den janaria dute hozkailuetan", azaldu du Juan Antonio Pizarrok.

BALIABIDE OSAGARRI BAT

'Taper solidarioa'k 14.000 euroko partida izango du hasieran, Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloaren kontura, eta zaurgarritasun-arriskuan dauden familiei eskaintzen zaizkien beste zerbitzu batzuen osagarri izango da, hala nola, Caritasen jantoki soziala, gizarte-larrialdietarako laguntzak edo elikagaien bankuak.

Izan ere, alarma-egoera deklaratu zenetik, jantoki soziala egokitu egin behar izan da janaria etxez etxe banatzeko.

"Babes Zibila ari da pertsona horiei emateaz arduratzen. Menua Lasesarreko kiroldegian etxerik gabekoen arreta zentralizatzeko sortutako baliabidera eramanez egiten ari da ", azaldu du zinegotziak.

Horregatik, Juan Antonio Pizarrok eskerrak eman dizkie jantoki soziala aurrera ateratzen dutenei bai eta Babes Zibileko boluntarioei ere: "Elkartasun lezioa ematen ari dira egunero. Barakaldarra naizenez, harro nago haietaz ".