BILBO. Barakaldoko Udalak herriko biztanleak seguru egon daitezen nahi du, eta horretarako urtarrilaren amaieran bideozaintza kamerak jarriz segurtasuna indartuko duela iragarri du Angel Madrazo Hiritarren Segurtasun eta Babes Zibil Arloko zinegotziak. Kamera horiek Barakaldoko Orfeoia pasabidean eta Landaburu eta Bizkaia kaleak lotzen dituen oinezkoentzako tunelean jarriko dira.

Helburua da bi puntu horietan delituak egitea prebenitzea. "Auzokide askok segurtasun ezaren sentsazioa dute bi eremuetatik ibiltzean, eta, horregatik, duela gutxi poliziaren presentzia areagotu genuen. Oraingoan, beste pauso bat eman dugu. Bideozaintza gaizkileentzako disuasio-elementua izatea espero dugu, eta segurtasun handiagoa eskaintzea, oro har, Barakaldoko eta, bereziki, Arrontegi auzoko hiritarrei ", adierazi zuen Madrazok.

Hiritarren Segurtasun eta Babes Zibil Arloko zinegotzigoak 18.028,13 euro inbertitu ditu kamerak erosi eta instalatzeko. Igortzen duten seinalea eguneko 24 orduetan egongo da konektatuta Udaltzaingoaren polizia-etxearekin.

Bi kamera jarriko dituzte lurpeko pasabide bakoitzean, sarreretan eta irteeretan. Halaber, operazioaren barruan, kartelak jarriko dituzte bi lekuetan, oinezkoei bideozaintza dagoela jakinarazteko, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

Lurpeko bi pasabide horietan kamerak jarrita, (Eusko Jaurlaritzaren nahitaezko baimenarekin), Angel Madrazok zuzentzen duen Hiritarren Segurtasunerako eta Horrela, Babes Zibil Arloko zinegotzigoak bete egiten du joan den maiatzeko hauteskunde-kanpainan hiritarrekin hartutako konpromisoa.

"Bideozaintza poliziaren presentziaren osagarri da eta oso baliagarria izan daiteke ikuspen gutxi dagoen toki zehatz batzuetan; adibidez, tuneletan eta lurpeko pasabideetan. Asmoa ez da poliziak ordezkatzea, baizik eta haien lanean lagundu eta gaizkileentzako disuasio-elementu izatea", azaldu zuen Angel Madrazok.

KAMERA BERRIAK POLIZIA-ETXEAN

Beste alde batetik, zinegotziak jakinarazi duenez, bi kamera antibandaliko ere instalatuko dituzte Udaltzaingoaren polizia-etxearen kanpoaldean (Lasesarre kaleko 16. zenbakian), eta beste bi kamera panoramiko polizia-egoitzako ziegetan.