BILBO. Berriz ere izango dira Barakaldoko kaleak hamar bat antzezlanen agertoki. Beste urte batez jarri du udalak martxan Ratataplan programa, handi nahiz txikiek doan goza dezaten antzerkiaz, Herriko Plazan. Datorren irailaren 19an, ostegunarekin, hasiko dira emanaldiak, eta asteburu osoa jarraituko dute, igandera arte.

Karmenetan, Rataplan jaialdia da kale jarduera arrakastatsuenetako bat. Uda amaitu ondoren, Ratataplán kale-antzerki jaialdiaren bigarren zatia programatu ohi du udalak, ikasturte berriari merezi duen ongi etorria emateko. Programa gauzatuko den lau arratsaldeetan errepikatuko dira antzerki saioak 18:30ean eta 19:30ean.

"Eszena-arteen zale amorratuak gara barakaldarrak. Eta horregatik nahi dugu txikiak ere zale daitezen. Horretarako prestatzen ditugu ikuskizunak kalean", adierazi du Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

PROGRAMA

Wilbur talde alacantarrak urtuko du izotza Piensa en Wilbur obrarekin: akrobaziak, umorea eta arriskua.

Osteguneko bigarren saioan, berriz, Cair Circo konpainia galiziarraren Erori obra: ekintza soil eta egunerokoak koreografia akrobatiko eta xelebreak.

Ostiralean, La Tai konpainia katalanak The Incredible Box ikuskizuna ekarriko du: duela 150 urte estreinatutako obraren arrakasta lortzen ahalegintzen den zuzendari baten eta haren laguntzaile xelebreen istorioa kontatuko digu.

Trapu Zaharra euskal konpainiaren Turisteando obrak hartu dio erreleboa: bidaia birtualak egiten dituen bidaia-agentzia baten istorioa.

Larunbatean, Circo Los konpainia brasildarrak Vintage aurkeztuko du. Arratseko 19:30eko saioan, Aragoieta Kataluniako Capicua konpainia igoko da taulara Koselig obra antzeztera: bost pertsonaia bizi dira batera gurdi batean, errutina jolas bihurtzen.

Igandean amaituko da Ratataplan Andaluzitik eta Frantzia eta Kataluniatik datozen antzezlan banarekin. Dimitri Handiaren The Legend, eta Vol'e Temps-en Distans.

"Badakigu Barakaldok gozatu egiten duena kale-antzerkia. Horregatik animatu nahi ditut herritarrak parte hartzera, primerako artistak ekarri ditugu eta", esanez amaitu du Canterok.