BILBO. Hurrengo igandean, hilak 15, XXXVII. Nekazaritza Azoka ospatuko da Muskizen. Bertan 90 postu baino gehiago egongo dira, non era guztietako elikagaiak erosi ahal izango dira. Horrez gain, hainbat lehiaketa egingo dira. Espero da aurtengo edizio hau urtero izan ohi den bezain arrakastatsua izan dadila eta bisitari ugari joatea.

Muskizko Azokara bertaratzen diren guzti-guztiek orotara saltoki ugari izango dituzte aukeran; eta saltokiotan, gazta, frutak, barazkiak, eztia, hestebeteak, arrautzak, gozogintza, txakolina, loreak, produktu ekologikoak, kontserbak eta are nekazaritzako makinak ere aurkitu ahalko dituzte. Abeltzainek zaldi eta behi arraza desberdinak ekarriko dituzte, bai eta hainbat ardi eta ahuntz mota ere, jakin-mina duten guztien gozagarri. Horretaz gain, Fernández Terreros harategiak txekor bat erreko du.

Gaztari helduta, orotara, 10 gazta saltoki izango dira, eta bisitariek Idiazabal izendapena duten gaztak eta bestelako gazta mota batzuk dastatu ahalko dituzte. Ildo beretik, okintzak eta pastelgintzak izango dute aurten ordezkaritzarik handiena Muskizko Azokan. Nolanahi ere, ezbairik gabe, Txakolin upeltegiek bereganatuko dute arretarik handiena, izan ere, Txakolin Sari Nagusia ospatuko da, zuria, beltza eta oilar-begia modalitateetan. Guztira, 10 txakolin ekoizle bilduko dira, eta 20 txakolin motatik gora ekarriko dituzte, sagardoaz gain.

Bertako abere erakusketan 100 abelburu erakutsiko dira Muskizko Azokako aurtengo ekitaldian. Zaldi lehiaketan, berriz, orotara, 37 animaliari eman zaio izena. Aurten, zaldi lehiaketarako esparru berri bat izango da azokan, itxiera indibidualez hornituta, ikusleen segurtasunaren mesedetan, eta horrela, animaliak gertuagotik ikusi ahalko dira. Iaz abiatutako bideari jarraiki, poniak erakusten diren eta lehiatzeko erabiltzen den laukian bertan egingo dira poni paseoak, lehiaketa bukatu eta berehala. Sariei dagokienez, modalitate hauetan sariak banatuko dira: Meatzaldeko jabeen arraza gurutzatuko zaldiak (maila orokorra eta maila lokala) eta Muskizko jabeen arraza garbiko zaldiak.