BARAKALDO. Barakaldoko Udalak probetxua atera nahi dio hiriak dauzkan turismo-gaitasunei sektorean erreferente bihurtzeko. Horretarako, Udalak Turismo Jasangarriaren Lehenengo Plan Estrategikoa abiarazi du. Horri buruz, hiriko alkate Amaia del Campok Barakaldok turistei eskaintzeko dauzkan baliabide turistiko anitzak dituela aipatu du. "Euskadiko laugarren hiria gara eta Bizkaiko bigarrena; beraz, hiriak merezi duen protagonismoa eskuratu behar du", esan du.

Hortaz, aipatu ildo estrategikoak ezartzeko turismoan aditua den Itxaslehor aholkularitzara jo du udalak, bost ardatzetan oinarritutako proposamena egin dezan:

  1. Industria-ondare turismoa
  2. Kultur turismoa (Santiago Bidea barne)
  3. MICE (Meetings, Incentives, Conferences and Events)eta kirol ekitaldien turismoa.
  4. Natura turismoa
  5. Erosketa eta gastronomia turismoa.

Horrela aztertuko dugu Barakaldoko turismoa garatzeko eredua, gaur egun dauzkan eta aurrerantzean eduki ditzakeen produktu turistikoak zein diren jakin ahal izateko, eta, ondoren, Barakaldo markaz udalerria sustatu ahal izateko lan ildo estrategikoak proposatzeko. "Gure hiria berezia da hainbat arrazoirengatik. Gure iraganari esker, industria-ondare turismoaren erreferente bihur gaitezke. Zorionez, dorretxeak, burdinolak eta mea zamatokiak dauzkagu, eta berreskuratu eta birgaitu ahala herritarrek erabili ahal izango dituzte aisialdian, Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Portuak eta udalak sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Horrez gainera, aurki izango dugu Lutxanan Industriaren Museo berria", esan du alkateak. Baditugu beste eraikin historiko batzuk ere, hala nola, Bizkaiko Labe Garaietako bulego ohiak, etxe merkeak, merkatua eta abar. "Osagai ugari ditugu, eta Premium mailakoak gainera, turismoaren alorrean agerian jartzeko", azpimarratu du.

HIRI BERDE BAT, PARAJE PAREGABE UGARIZ JOSIA

Benetako altxorrak dauzka Barakaldok bere barnean, ezezagunak direnak Bizkaian. "Aldendu dugu honezkero Barakaldo grisaren irudia, bai eta agerian jarri ere gure hiriko altxor handiak. Horren adibide, Kultur Ondasun izendatutako Munoa finka edo Lorategi Botanikoa, Bizkaian dagoen bakarra. Gutxik daki, ordea, lurralde barakaldarraren % 65 berdea dena, eta nabarmentzekoak direla Errekatxo eta Gorostitza", adierazi du Del Campok.

Horrez gainera, Barakaldo ondo kokatua dago ekitaldi eta kongresuei lotutako MICE turismoaren barruan, BEC zentroari esker. "Iaz bakarrik, milioi bat lagun etorri zen Erakusketa Azokara, bertan egin ziren azoka eta ekitaldietara. Hori da BEC-ek, gure hiriko auzotar goren denez, eskaintzen digun beste aukera handienetako bat: mundu mailako gertakizunen antolatzaile izateko aukera primerakoa", ziurtatu du alkateak.

"Horregatik egin beharko dugu lana modu ordenatuan, turismo estrategia sendo bat sortzeko oinarriak ezarriz eta bidea egiten hasiz, Barakaldo gure lurraldeko turismo erreferente bilaka dadin. Barakaldok tokia du Bizkaiko turismoan, eta ahalik eta etekinik handiena aterako diogu, gure ostalaritza eta merkataritzarako ekonomia jarduera sortuz", zehaztu du.

PARTAIDETZAKO LANA

Gai horiek guztiak aztertuko ditu Barakaldoko Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoak. Lan metodologia partaidetzazkoa izango da. "Online galde-sorta bat prestatuko da, interesa duten herritarrek parte har dezaten. Gainera, hiriko turismoarekin zerikusia duten eragileei - merkatari eta ostalariei, esate batera - elkarrizketa sakonak egingo zaizkie, bai eta bisitaldiak ere", nabarmendu du Zubiaurrek.

Bestalde, Deustuko Unibertsitatera ere eramango dute Turismoaren Plan Estrategikoa, Turismoko 3. mailako ikasleek egitasmoaren bost ardatzak azter ditzaten "ideia fresko eta berritzaileak biltzeko helburuz".

Plan honek ¿ zeina Barakaldoko Udalak turismoaren alorrean garatuko duen lehenena baita ¿ Bizkaiko Foru Aldundiaren 8.388,43 euroko laguntza jasoko du, eta kostua 14.500,00 eurokoa izango da, BEZa barne. Urte hasieran ezagutuko ditugu lehenengo emaitzak.