BILBO. "Mende erdi hau oso garrantzitsua dela iruditzen zait. 50 urtez eutsi baitiozue saskibaloiari. 50 urtez aritu zarete jokalari handiak prestatzen; 5 hamarkada, talde kohesionatuak sortzen, lehiaketa handitan borrokatzen eta Barakaldoren izena hainbat hiritako kantxetara eroaten", adierazi du Del Campok prentsaurrekoan. "Gaur egungo Klubeko 20 taldeetako jokalarientzat familia dira Pauldarrak. Saskibaloiak ilusioa ematen die astero; indarra, helmugara iristeko; balioa, talde-lanean aritzeko, beti ere, lagunartekotasuna eta hurkoarekiko errespetua oinarri izanik. Pauldarrek berdintasunaren alde egiten dute, gizonezko eta emakumezko taldeak kantxaratuz. Finean, ez da saskibaloiaren bidez bizitza osasungarriago bat soilik sustatzen duen klub bat, baizik eta jendea hezten duen klub bat ere.

Antolatzaileek iragarri dutenez, irailean emango zaie hasiera urteurrenaren ospakizunei Zazpe Torneoarekin, eta han egingo dute taldeen aurkezpen ofiziala. Urrian, Bagatza jaietan arituko dira 3x3 partidak eginez. Azaroan, ostera, bazkari herritarra antolatuko dute, bai eta Pauldarren Saskibaloi Kluba eta Caja Bilbao omentzeko partida bat, 1986an mailaz igotzeagatik. Abenduan, Basket Egunean, klubeko talde guztiek hartuko dute parte. Martxoan, urteurreneko gala nagusia, eta ekainean, berriz, duela 13 urte ospatzen hasi ziren udako torneoa, baina oraingo honetan, hiriko saskibaloi klub guztiek parte hartuta.

"Klubaren masa sozialak ez ezik hiriko gainontzeko klubenak ere gure urteurrenean parte hartzea nahi dugu", adierazi dute Klubeko kideek.

Bizkaiko Foru Diputazioaren, Barakaldoko Udalaren, Saskibaloiko Euskal Federazioaren, Saskibaloiko Entrenatzaile Elkartearen eta Pauleko San Bizente Ikastetxearen laguntza izango du urteurreneko ospakizunak.

Logo berria eta oroitzapenezko kamiseta

Gaur goizeko egintzan, Aritz García diseinatzaile grafiko barakaldarrak 50. urteurren honetarako sortutako logoa eman dute ezagutzera. Horrez gainera, oroitzapenezko kamiseta bat aurkeztu du Klubak.