BILBO. Barakaldoko udalak maskoten mikrotxipa kontrolatzeko kanpaina jarriko du martxan aste honetan. Udaltzaingoak txakurguneetan ibiliko dira arauak betetzen diren egiaztatzeko. Kanpainaren helburua maskotak galtzekotan edo txakurrak abandonatzekotan identifikatuta egoteak duen garrantziaz jabetzea da.

Bost milatik gora txakur daude Barakaldon. Kopuru handia denez, herritarren eta maskoten arteko elkarbizitza antolatzen hasi gara. Hori dela eta City Dog proiektu aitzindariari ekin zion Udalak, maskoten jabe zibikoei tailerrak, ikastaroak... oparitzeko. Horrez gainera, txakurrentzako lau parkez hornituta dago hiria: San Bizenten, Zuhatzun, Lasesarren eta Lutxanan.

"Etxean maskota bat edukitzeak dakartzan betebeharrez jabetu behar dute herritarrek. Hala ere, asko dira kalera derrigorrezkoa duten txipik gabe irteten diren txakurrak, ze, galduz gero, berehala aurkitu ditzakegu", azaldu du Ingurumen Arloko Gorka Zubiaurre zinegotziak.

Azalaren azpian txertatzen zaien tamaina txikiko zenbakizko identifikazio mekanismoa da mikrotxipa, eta ez die kalterik eragiten. Datu-base bati lotua dago txipa, eta txakurra galtzen bada, erraz identifikatzen dute albaitari-klinika edo txakurtegi batera heltzen direnean. "Aldi berean, maskotak abandonatzen dituzten jabe eta arduradunak identifikatzeko balio du, eta horrela lortuko dugu maskota abandonatzea dohain ez izatea", adierazi du Zubiaurrek.

Aldian behin ibiliko dira udaltzainak hiriko parke eta txakurguneetan mikrotxipak irakurtzeko gailuz horniturik. Arriskutsuak izan daitezkeen arrazek derrigorrezko muturrekoa eraman behar dutela zainduko dute, bide batez.