BILBO. Barakaldok Enplegu Plan propioa sustatu du Prestakuntza eta kontratazioa bultzatzeko. Udalak 400.000 euro baino gehiago jarriko ditu ekimen hori martxan jartzeko. 40 langabe inguruk ekimenaren onurak jasotzea aurreikusten da.

Barakaldoko Udalak tokiko erakundeak osorik finantzatuko duen Enplegu Plan propioa jarriko du martxan. Gobernu taldea, Inguralde tokiko garapen agentziaren bitartez, datozen hilabeteotan martxan jarriko den ekimen berri horren xehetasunak zehazten ari da. Udalak 2018ko soberakinaren 400.000 euro emango ditu. «Langabezia tasak behera egin badu ere, lanean jarraitu behar dugu lan merkatuan sartu nahi diren barakaldarrei aukera gehiago emateko», nabarmendu du alkateak, Amaia del Campok.

Prestakuntza eta enplegua. Horiek dira gobernu taldea sustatzen ari den Enplegu Planaren bi ardatzak. Udalaren lehentasunetako bat enplegu aukerak sortzea da, hiriko langabezia tasa murrizten jarraitze aldera. Gaur egun, Barakaldoko langabezia tasa % 13,4koa da, eta kopuru horrek behera egin du nabarmen azken lau urteotan; izan ere, tasa hori % 17,37koa zen 2015ean. «Aurretik esan dudanez, datu horiek positiboak dira, baina ez dira guri interesatzen zaizkigun datuak. Gure nahia da bizilagun guztiek lanera bueltatzea zailtasunik gabe. Hori dela eta, aurrerapauso hori ematea erabaki dugu gure ustez funtsezkoa diren elementuak batuz: pertsonen prestakuntza eta, ondoren, kontratatzeko konpromisoa, udal laguntzen bidez», azaldu du alkateak.

Zehazki, zehazten ari diren planak lan munduan sartzea ahalbidetuko du, langabeei laguntzeko prozesu baten bitartez. Besteak beste, lan orientazioari lotutako ekintzak egingo dira, lanbide prestakuntza emango da ikasgeletan eta, azkenik, prestakuntza egin duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa hartuko dute enpresek.

Azken urtean, BKempresa enpresa bisitatzeko programa bat jarri du martxan Inguraldek. Programaren helburua da tokiko enpresa-ehunetako lan beharren berri izatea, betiere Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) gehiago erabiliz. Alde horretatik, Udaleko Enplegu Planaren xedea izango da sektore eta espezialitateak sustatzea, besteak beste, teknologia berriak, robotika eta errehabilitazio jasangarria.

Laster jakinaraziko dira plan horretan parte hartzeko epeak, bai eta prestakuntza prozesu hori hasiko den data zehatzak ere. «Enplegu plan horren xedea da Labe Garaietako eta gure inguruko enpresetako langileek lanerako jasotzen zuten prestakuntzari lotutako eredua berreskuratzea. Haiek lan egiten hasi ziren, eta lan hori nola egin ikasi zuten. Horixe bera da egin nahi duguna; plan horretan parte hartu nahi dutenei prestakuntza ematea, ongi moldatuko diren eta ezagutzen duten lanpostu batera sar daitezen errazteko», nabarmendu du Del Campok.

Langabeei, Lanbide ¿Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dutenei, Barakaldon bizi direnei eta aipatu espezialitateetatik eratorritako sektoreetan lan egiteko interesa dutenei dago zuzenduta programa.