Getxoko Udalak euskarazko kultura sustatu egingo du maiatzaren 28an hasiko den Kalefest kaleko arteen jaialdiarekin. Hala, urriaren 15era bitartean, batez ere gazteei zuzendutako 29 ekintza egingo dira udalerriko kaleetan.

Programaren aurkezpenean, Getxoko alkateak bere poza adierazi du herritarrek kultur arloan egindako proposamenak gauzatu ahal izateagatik. Amaia Agirrek azaldu zuenez, horretarako “programa honek publikoak planteatu dituen hiru ardatzetan eragiten du: kaleko arteetarako irisgarritasuna erraztea, gazteei zuzendutako kultur jarduerak programatzea eta euskara sustatzea eta gizarteratzea”.

Kalefesten egitarauak doa sarrera duten 29 ikuskizun bilduko ditu eta herriko auzo guztietan banatutako 10 kokalekutan egingo dira. Irantzu Uriarte Getxoko Kultur Etxeko lehendakariak azaldu duenez, “ekimen honen bitartez euskarazko kulturari protagonismoa eman nahi diogu, askotariko ikuskizunen bidez: dantza, antzerkia, zirkua, zinema eta diziplina anitzeko lanak”.

Antzerkiaren atalean, besteak beste, honako lan hauetaz gozatu ahal izango du publikoak: ‘Kale gorrian’, etxegabetzeak satiratik jorratzen duena, edo ‘Legea gu gara’, gaurkotasun sozialeko komedia. Horiez gain, gizakien barne mundura zuzendutako umore eta ikusmen handiko bidaia, eta genero ikuspegia eta transgenero identitate bezalako gaiak islatzen dituzten bi muntaia ere izango ditugu: ‘Psike’ eta ‘Bidearen amaieran’. '35 huts' antzezlanean, berriz, adin batetik aurrera sinesmenak eta amatasuna birplanteatzea bezalako alderdiak ukituko dira, eta ‘Akabo’ obran suizidioaren gai polemikoa jorratuko da oso umore berezi batetik abiatuta.

Dantzari dagokionez, ‘Gazte’, ‘Qué tienen las flores’, ‘Topa’, ‘Dye Dye Dye’, ‘Otempodiz’, ‘Otempodiz’ eta ‘Musu baten eztanda uhina’ pieza garaikideak eskainiko dira. Horietan, besteak, beste, gazteen inkonformismoa, estilo anitzen fusioa, Afrika-Euskadi konexioa eta feminitatea jorratuko dira. Azkenik, ‘Geure[r]a’, lana ere izango da ikusgai, dantza esekia, bideo-mapping-a eta musika uztartzen dituen pieza bikaina.

Bestalde, ‘E.go’, ‘Mikra’ eta ‘Aukerak’ zirku-lanek akrobaziak, malabareak eta ikuspegi garaikidetik landutako beste teknika batzuk hurbilduko dizkigute. Horiekin batera, ‘Aquiles’, formatu handiko figura protagonista duen lan ibiltaria, eta ‘Rotonda Circus’, inprobisazioaren aldeko apustua egiten duen ikuskizun sailkaezina ere izango dira. Azkenik, Kalefestek zine-eskaintza anitza programatu du, haurrentzako, familientzako gazteentzako eta helduentzako filmak bildu dituela.