Elikadura jasangarria gero eta garrantzia gehiago hartzen doa gizartean. Hori dela eta, Getxoko Udalak horren aldeko apustua egiten duten saltokiak sustatzeko helburu duen proiektu berri bat jarriko du martxan, udalerriko saltokiek osatutako elkarlaneko sare bat osatuz.

Jarduketa hori udal-gobernuaren legegintzaldi-planaren baitan sartzen da. “Elikadura jasangarriaren aldeko sare honen sustapena udalaren legegintzaldi-planaren 6. ardatzean (11. erronkan) sartzen da; helburu nagusia tokiko merkataritza-sarea eratzea eta hurbileko nahiz kalitate handiko elikagaien kontsumoa sustatzea da, Getxo kontsumo arduratsuaren udalerri erreferente gisa kokatze aldera", adierazi du Ekonomia Sustapeneko zinegotzi den Iñigo Urkitzak.

Otsailean eta martxoan proiektuaren lehenengo jarduketa gauzatu da, eta ekimenean interesa duten eta elikadura jasangarriaren aldeko saltokien sarean parte hartu nahi duten janari-dendak identifikatu dira. "Udalerrian dauden 186 janari-dendetatik 83k —hau da, guztizkoaren % 45ek— interesa erakutsi dute ekimenean. Negozio horien % 97k uste du jasangarritasuna benetan garrantzitsua den alderdia dela", gehitu du Urkitzak. Txosten osoa kontsulta daiteke hemen.

Orain arte, baterako sorkuntzako bi tailer egin dira, zeinetan hamar saltokiz osatutako trakzio-talde bat hizpide dugun merkataritza jasangarriko sare honen lan-oinarriak elkarlanean eraikitzen baitabil. Tailerren emaitza aipatutako loturan eskuragarri dago.

Hurrengo tailerra maiatzaren 11n (asteazkena) egingo da, 14:30etik 16:30era, Algortako Azokan (Torrene kalea 4). Janari-denda bat daukatenek, hurrengo urratsak zehazteko erronkarekin bat egin nahi baldin badute, izena eman dezakete oraindik; Udaleko Ekonomia Sustapeneko Arloarekin harremanetan jarri beharko dira horretarako, 944660140 telefono-zenbakira deituz edo getxolan@getxo.eus helbidera idatziz.