Koronabirusaren pandemiak eragindako kalteak gutxitzeko asmoz kulturaren sektoreari zuzendutako laguntza-programen aldeko apustua errepikatu egingo du aurten ere Getxoko Kultur Etxeak.

Horrekin batera, laguntza-adar berri bati aurkeztu du, oraingo honetan ikusizko arteetara zuzenduta, udaleko erakusketa-gune ezberdinetan erakusketak sustatzea helburu duena. Getxo Ekinez udal planaren barruan dauden bi ekimen horietarako proposamenak aurkezteko epea azaroaren 15ean bukatuko da. Deialdiari buruzko informazio osoa webgune honetan dago eskura.

Deialdien aurkezpenean Xabier Paya Getxoko Kultur Etxeko zuzendariak adierazi duen bezala, ekimen hauen bitartez “Getxok Sorkuntza polo izateko posizionamendu argia martxan jarri nahi du”. Horren harira, azpimarratu du, “deialdien bidez, herritarrei laguntzak eskainiz, udalerritik kanpoko sortzaileak ere erakarriz, bitartekotza-prozesuak sustatuz eta egoitzen deialdiak sustatuz, Getxok kultura sorkuntzaren funtsezko zati gisa ulertzen duela erakusten du”.

Programazio Artistikoaren deialdia askotariko diziplina artistikoetako proiektuak ekoiztu eta aurkezteko jarri da abian: antzerkia, dantza, musika, zinema, umorea, bertsolaritza... Deialdi horren bidez, getxotarrek sustatutako edo egindako proiektuak sustatu nahi du Kultur Etxeak, eta horretarako 120.000 €ko aurrekontua izango du, proposamen bakoitzak gehienez 10.000 euro jaso ahal izango dituela. Horretan, egoitza fiskala Getxon duten pertsona fisiko zein juridikoek hartu ahal izango dute.

Bestalde, Ikus-Arteen Erakusketak Programatzeko deialdiari dagokionez, Irantzu Uriarte Kultur Etxeko presidenteak azaldu duenez, horren helburua da “Getxoko artistek euren lana eta eurek berorrek ezagutzera ematea, eta herritarrek getxotar artisten eta Getxon eginiko arteaz gozatu eta ezagutu, ideiaren hasieratik erakusketara arteko sormen-prozesua ikusita”. Proiektuak Romo eta Algortako Kultur Etxeetako erakustaretoetan eta Algortako Azokako erdiguneko gondolan ikusgai izango direla.

Deialdira arte bisualekin lotutako edozein diziplinatako proiektuak aurkeztu ahal izango dira, hala nola pintura, eskultura, argazkigintza, instalazioak edo bideoartea. Deialdiaren aurrekontua 15.000 eurokoa da, eta hautatuko diren 25 proiektuetako bakoitzak 600 euro jasoko ditu.

BAKARKA ZIKLOA

Hilabete honetan ere Bakarka zikloa abian jarri da, bertako musika suspertu eta Romo Kultur Etxeko programazioa indartzeko asmoz. Zikloak formatu txikiko kontzertuak proposatzen ditu, herriko talde eta artisten eskutik, publikoarekiko hurbiltasunaren alde eginez. Ostegunetan egiten da, 19:00etan, eta estilo askotara irekita dago, gehienbat formatu akustikoan. Abendura arte, pop, funk, blues, rock eta rap doinuez gozatzeko aukera eskainiko du, baita errezitaldi poetiko musikal bat ere.

Abendura arte, pop, funk, blues, rock eta rap doinuez gozatzeko aukera eskainiko du, baita errezitaldi poetiko musikalaz ere. Azaroan, Afrika Bibang abeslariak (hilak 4) bere disko berria aurkeztuko du bertan eta Noa & The Hell Drinkers blues taldeak (hilak 18) bere ahots-kalitate bikaina erakutsiko du. Abenduan, berriz, euskal rap eszenako erreferente handia den La Basu kantaria (hilak 2) eta Sara Zozaya kantautorea (hilak 9) arituko dira. Saioetarako sarrerak dagoeneko eros daitezke Kultur Etxeko ohiko saltokietan.