Oso gutxi falta da Getxoko Zirkuituaren edizio berri bat martxan jartzeko. Abuztuaren 1ean, eguerdiko 12:00etan, Otxoa anaien omenez egindako lasterketa honen 76. edizioa abiaraziko da Bilboko Guggenheim Museoko zabalgunetik. Lasterketa honetan hogeita bat taldek hartuko dute parte, zortzi UCI World Tour mailakoak direlarik.

Duela aste batzuk aurreratu zen moduan, irteera Getxotik kanpo egingo da lehen aldiz, antolakuntza ahalegintzen ari baita berritzeko eta lasterketa bultzatzen jarraitzeko eta lasterketarekiko interesa areagotzeko modurik onena bilatzeko, baina betiere sustraiak alde batera utzi gabe. Amaia Agirre alkateak nabarmendu du berritasuna, udalerrien arteko elkarlanaren adierazle gisa, eta baita Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak antolatzeko egindako lana ere, hainbat erakunderen laguntzarekin, tartean Getxoko Udalarena. “Nazioartean gero eta isla handiago duen hitzorduaren antolaketa nabarmentzeaz gain, bizikletaz ibiltzen hasten diren haurren taldeekin egindako lana ere azpimarratu nahi dut, dakartzan onuradun pertsonalengatik eta ingururako, Udalak guztiz partekatzen dituenak”, aipatu du alkateak.

Behin lasterketa abiatuta, tropelak guztira 193,5 km egin beharko ditu, zazpi birako ibilbidean; bertan, herriko kaleetatik barrena eta Erandio, Leioa, Loiu eta Sondikan igaroko da. Azken biran, Pike Biderako igoera nabarmendu behar da, % 20ra bitarteko maldarekin, eta, iazko edizioa gertatu zen moduan, ikusgarritasun handia emango dio probari. Foruen kalean, Getxoko epaitegien ondoan, dagoen helmugara 16:45ean iritsiko dira gutxi gorabehera.

PARTAIDETZA

Berretsitako taldeen artean, honako hauek nabarmentzen dira: Bahrain Victorius, Astana Premier Tech, Movistar Team, Trek Segafredo, Cofidis, UAE Team Emirates, Bora Hansgrohe eta Qhubeka Nexthash, guztiak ere UCI World Tour nazioarteko kategoria handienekoak. Horiez gain, UCI Pro Team-eko beste zortzi talde lehiatuko dira Getxon; esate baterako, Euskaltel, Caja Rural-Seguros RGA, Burgos BH, Arkea Samsic eta Kern Pharma, besteak beste. “Zerrenda horrek erakusten du klubek Getxon parte hartzeko duten gero eta interes handiago”, aipatu du Mikel Guineak, Punta Galea Txirrindularitza Elkarteko buruak, Getxoko Udalaren laguntza eta gainontzeko erakundeena (Foru Aldundia, Bilboko Udalak…) eskertu ondoren.

Izenei dagokienez, Bauke Mollema, Luis León Sánchez, Carlos Barbero, Juan José Lobato, Juan Ayuso eta Mikel Landaren balizko itzulera dira aipagarrienak.

Guztira, 14.500 € inguru banatuko dira sarietan; irabazleak 5.785 € jasoko ditu, eta proba ETBn emango da. Modu horretan, eta azken asteetan covid-19aren kutsatzeak gehitzearen ondorioz, zaleei lasterketa telebista bidez ikusteko gomendatzen zaie. Lasterketa in situ ikusi nahi duten zaleei, berriz, gogorarazi nahi zaie prebentziorako neurriak hartzea eta ohiko prebentzio- eta higiene-arauak errespetatzea garrantzitsua dela: maskara erabiltzea, jende-pilaketak saihestea eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea errespetatzea.