Getxoko Udalak 2021eko urtarriletik ekainera bitartean garatu duen Zurrumurrurik Ez Estrategiaren balantzea egin du. Kulturen arteko bizikidetza baketsua sustatzea helburu duen ekimen honek elkar ezagutzeko sareak indartzea lortu du.

Mapeo tresna bat izan da sarea zabaltzeko eta udalerriko mugimenduekin, kolektiboekin, espazioekin eta gizarte-eragileekin lankidetza-aliantzak sortzeko, atzerritar jatorriko auzotarrei buruz dauden zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipo negatiboak desegite aldera. "Parte hartu duten pertsonei, entitateei eta kolektiboei beren zeregina eskertu nahi dugu eta, aldi berean, ekimen hauekin bat egitera animatu nahi ditugu herritar guztiak, udalerrian bizikidetza eta aniztasunaren alde lan egitea delako helburu", nabarmendu du Carmen Díazek, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Abian jarritako esku-hartze ildoen artean, bizipen-tailerrak egin dira ikastetxeetan, esate baterako, Europa Ikastetxean, Romo ikastetxe publikoan eta Aixerrota institutuan. Bestalde, GAR, Zurrumurruen aurkako gazteen sareak bere lanarekin jarraitzen du, Aisibizia entitateak lagunduta, udalerriko Gaztelekuetan. Era berean, lankidetza-loturak ezarri dira Getxoko erakunde eta kolektiboekin ere, hala nola Getxoko Etorkinen Federazioa eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformekin, Mujeres con Voz, Egizu eta Moviéndote Getxo elkarteekin, eta Harribide Fundazioarekin. Azkenik, ekainean egindako Zurrumurruen Aurkako Urteko II. Topaketa, sormena eta berrikuntza oinarri hartuta, ideiak eta proposamenak partekatzeko aukera bat izan da.

Udaren ostean, berriz ere jarriko dira harremanetan ikastetxeekin eta erakundeekin, eta Kultur Etxearekin lankidetzan, hainbat ekintza egingo dira udalerriko zinema eta liburutegietan, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunari (abenduaren 18a) buruzko programazioaren inguruan.

Zurrumurrurik Ez Estrategiarekin bat egin nahi duten kolektiboak eta pertsonak 662 425 662 telefono-zenbakiaren eta antirumores@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez jar daitezke harremanetan.