Algortan

Getxok irisgarritasuna, argiztapena eta segurtasuna hobetuko du Villamonte inguruan

05.07.2021 | 17:59

Getxoko Udalak irisgarritasuna, argiztapena eta bide-segurtasuna hobetzeko lanak egingo ditu Algortako Villamonte inguruan. Obrak 'Getxo txukun. Auzoz auzo, kalez kale' ekimen parte-hartzailearen barruan egingo dira, eta horretarako Udalak 200.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du.

Udalak bultzatutako ekimena da, obra txikietarako aurrekontuarekin auzoaren hobekuntzen inguruan auzotarrek dituzten proposamenak, beharrak eta kezkak jasotzeko. Villamonte inguruko prozesuan 221 pertsonak parte hartu zuten eta guztira 462 ekarpen jaso ziren, horietatik 378 baliozkoak izan zirelarik.

Laster egingo diren hiru jarduketa aipagarrienak, 134.864€-tan, hauek izango dira: Arene kaleko espaloia hobetzea eta handitzea, Iparbide eta Itxe arteko tartean, egin beharreko lanen zenbatekoa 37.724 €-koa izanik; Ibaizabal kaleko eskuineko espaloia ezkerreko espaloiaren altuera berean berdintzea, 34.296€-ko inbertsioarekin; eta Salsidu etorbideko argiztapena hobetzea, bere garaian etorbide horretan landatutako arbolek sorrarazten dituen itzalengatik.

Led teknologiako argiztapen berria instalatuko da –udalerri osoan pixkanaka egiten ari den bezala–, eta 62.844 euroko aurrekontua izango du.

Era berean, Nerbioi kalearen azken zatiko argiztapena hobetuko da (Itxe kalea irekitzeko proiektuarekin batera), Villaondoetako aldapan egin den bezala, edo Villamonteko parkean egingo da, kasu honetan udalerriko jolasguneetan berariazko argiteria jartzeko idatzi den proiektuaren barruan.

BESTE JARDUERA BATZUK

Gainera, 2019ko "Getxo txukun" ekimenaren barruan, bidezaintzaren atalean, dagoeneko hainbat jarduera egin dira trafikoa lasaitzeko eta ikuspena hobetzeko.

Getxoko hirigune osoan 30 km/h-ko abiadura-muga ezartzeko neurriarekin batera, abiadura murrizteko bandak jarri dira oinezkoentzako zenbait pasabidetan, ispilu berriak ere ipini dira (Arene-Areneondon) eta inguru horretako bidegurutzeetan dagoeneko kokatuta zeuden beste batzuen orientazioa berrikusi da. Salsidu etorbidean, arrapala mekanikoa amaitzen den lekuan, oinezkoentzako pasabide bat jarri da.

Bestalde, Arene eta Areneondo elkartzen diren porlanezko gunean, igogailuaren ondoan, urbanizatze lanak egitea eta jolaserako gune bat jartzea aurreikusten da eta lanen lizitazioa datorren asteetan izango da. Eta hiri-altzariei dagokienez, hainbat kaletako eserlekuak txukunduko dira.

noticias de deia