GETXO. Koronabirusaren krisialdiak tokiko enpresei eragindako kalteak suspertzeko laguntza berriak jarriko ditu martxan Getxoko Udalak. Guztira, udalerriko enpresei laguntzeko milioi bat euroko aurrekontua bideratu egin du Getxok aurten.

Gainera, 650.000€ inbertituko dira GetxoBonoren beste edizio batean, oraingo honetan, udalerriko merkataritzaren, turismoaren, ostalaritzaren eta osasunarekin, kirolarekin eta sormen-industriekin lotutako zerbitzuen sektoreetan kontsumitu ahal izango dira. Laguntza-ildo berri horiek Covid-19aren ondorio sozioekonomikoak arintzeko adostutako Getxo Ekinez planaren barruan sartzen dira.

Diruz lagun daitezkeen 4 egoera aurreikusten dira: sektore bat edo batzuk nahitaez ixtea, legeak hala agintzen duelako; herritarrak etxean konfinatzea; Getxoko udalerriaren perimetroa ixtea, eta etxeratze-agindua ezartzea 20:00etan edo lehenago. Egoera horietako bakoitzerako, sektore onuradunen zerrenda bat definitzen da. Sektore onuradun horietako enpresek jaso ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, haien forma juridikoa edozein dela ere.

Laguntza-eskaerak bide telematikoz izapidetu beharko dira, Udalaren webgunearen bidez, deialdia BAOn argitaratzen denean. Ekonomia Sustatzeko Arloa-Getxolanek bi informazio-saio aurreikusi ditu, horri buruzko datuak zabaltzeko. Saioak egingo dira maiatzaren 25ean, asteartean, 14:30ean (online, Zoom bidez) eta maiatzaren 26an, asteazkenean, 10:00etan (aurrez aurre Getxo Elkartegian, Ogoño 1, Areetan). Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da getxopro@getxo.eus helbidean edo 94 466 01 40 telefonoan.

GETXOBONO 2021

Maiatzaren 19tik ekainaren 9ra arte zabalik egongo da epea enpresak GetxoBonoren beste edizio batera atxikitzeko. Oraingo honetan, udalerriko merkataritzaren, turismoaren, ostalaritzaren eta osasunarekin, kirolarekin eta sormen-industriekin lotutako zerbitzuen sektoreetan kontsumitu ahal izango dira. Kasu horretan ere, izapidea online egin beharko da Administrazio Elektronikoko Bulegoa-AEBren bidez. Bonuen jaulkipen berri honen helburua da, non 650.000€ inbertituko diren, batetik, udalerriko eta inguruko herrietako auzokideen kontsumoa Getxoko enpresetan sustatzea eta, bestetik, jada berton kontsumitzen dutenak fidelizatzen jarraitzea. Bonuak ekainaren amaieran jarriko dituzte salgai.

OSTALARITZAKO LAGUNTZEN EBAZPENA

Bestalde, Gobernu Batzordeak ostalaritza-sektorerako laguntzen deialdiaren ebazpena onartu du, covid-19ak eragindako krisiarekin lotuta Lehendakariaren 38/2020 Dekretuaren bidez hartutako itxiera-neurrien eragin ekonomikoa arintzeko. Laguntzak laster hasiko dira ordaintzen.

290 eskaera jaso ziren. Aztertu ondoren, 270 diru-laguntza eman dira (312.709,84€), 14 ukatu egin dira eta 6k atzera egin dute prozesuan zehar. Emandako laguntzetatik 121 pertsona fisikoei eman zaizkie (% 45), 72 ondasun-erkidegoetako edo sozietate zibiletako bazkideei (% 27) eta 77 pertsona juridikoei (% 29). Langile kopuruaren arabera, 6 langile baino gutxiago dituzten 192 enpresarentzat, eta 6 langile edo gehiago dituzten 78 enpresarentzat.

Pertsona edo enpresa onuradunek azken justifikazioa aurkez dezakete, ostalaritza-jarduerari berriz ekin zaionetik 4 hilabete eman dituztela adierazita, helbide honetan adierazitako dokumentazioarekin batera.