GETXO. Koronabirusaren pandemiak egoera ekonomiko larria eragin du azken urtean. Hori dela eta, Getxoko 23 enpresek udalerriko langabetuak kontratatu dituzte Lanbideren dirulaguntzei esker.

Kontratazioek 160.510 euroko dirulaguntza jaso dute. Getxo Ekinez planean sartutako jarduketa bat da, epe labur eta ertain eta luzean COVID-19ren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko; 13 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusten du.

Deialdira 25 eskaera aurkeztu ziren. 23 onartu ziren eta 2 ukatu, deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik. Emandako 23 dirulaguntzetatik, bi izan dira 3 eta 6 hilabete arteko kontratuetarako, eta gainontzeko 21ak 6 hilabeteko kontratuetarako. 13 kontratu 35 urtetik beherakoentzat izan dira, 2 izan dira 55 urtetik gorakoentzat, 1 egin zaio DSBEren jasotzaile titular edo onuradun bati, eta 1 iraupen luzeko langabe bati. Kontratazioak egin diren sektore nagusiak Zerbitzuak (13), Merkataritza (7) eta Ostalaritza (3) izan dira.

Diruz lagundu beharreko 23 kontratuetatik 16 emakume langabeentzat dira, % 69,57; beraz, deialdian kolektibo horri zuzendutako kontratuen % 40ko gutxienekoa bete, eta gainditu egiten da.

ENPLEGU-SUSTAPENA

Gainera, deialdi honetan enplegua sustatzeko aurreikusitako jardueren barruan, 283.359,66 euroko dirulaguntzaz, Udalak Lanbiden izena emanda zeuden 24 langabe getxotar kontratatu ditu. Kontratazio horien helburua da laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak lan-merkatuan sar daitezen sustatzea, haien kualifikazioa, gaitasun pertsonalak eta motibazioa bultzatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bidez.

Abenduan kontratatu zituzten 24 pertsonak eta dagoeneko 15 udal proiektutan ari dira lanean; 15 emakume langabeak dira, 8 diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak eta 6, 55 urtetik gorakoak. Honako hauek dira betetzen dituzten lanak: lau pertsona dira covid neurrien berri bide publikoan ematen dutenak; beste bi bide publikoko agenteak eta hondakinak garbitzeko eta biltzeko zerbitzua; bat administrari komertziala; bost enpresa-aholkulariak; beste bost administrazio-teknikariak; bi dokumentuen digitalizatzaileak; bi pintoreak; bi peoiak, eta bat eraikinen mantentzailea.