GETXO. Egitarau zabala prestatu egin du Muxikebarrik datorren lauhilekorako. Guztira berrogeita hamar ekitaldi baino gehiago antolatu dira, maiatza eta abuztua bitartean garatuko direnak.

Musika, dantza, antzerkia, umorea eta bertsolaritza izango dira protagonista Dulce Pontes, Kukai, Leo Bassi, Kalakan, Ene Kantak eta Bulegoren eskutik, artista eta talde garrantzitsuenak aipatzearren, baita udako programazioko hitzordu ohikoenetako bi ere: Jazz eta Folklore jaialdiak. Ikuskizun guztiak indarrean dagoen osasun-araudia betez egingo dira, araudia betetzen dela bermatzeko.

Musikari dagokionez, askotariko soinuez gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Egitaraua maiatzaren 1ean hasiko da «Urban Show» ikuskizunarekin, Hip Hop eszenako hainbat euskal artista bilduko dituena (Invert, Shintoma, Minimi, Crazy Hospital, DJ Rasy). Maiatzaren 8an Isabel Villanueva biolistak eta Moises P. Sanchez piano-jotzaileak osatutako bikoteak «Raíces» errezitaldia eskainiko du, jazza eta Espainiako musika soinu klasikoen eremura hurbiltzen dituena. Bestalde, maiatzaren 8tik 29ra bitartean, M4 zikloak Musikeneko (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia) masterreko ikasleen lana hurbilduko die musika-zaleei, larunbatetan goizeko ordutegian egingo diren lau saiotan. Ekimen horren bidez, musikari belaunaldi berrien lana erakutsi nahi da, eta, aldi berean, partaideei ingurune profesional batean esperientzia eskaini.

Maiatzaren 22an musika-hitzordu garrantzitsuenetariko bat izango da fadoaren figura handia den Dulce Pontes eskutik. Horretan, artista portugaldarrak musika bide berriak aztertu eta bere abesti arrakastatsuenak eskainiko ditu. Hurrengo egunean, hilaren 23an, Erramun Martikorena ariko da, euskal kantuaren ahots handia, alegia. Astebete geroago, maiatzaren 29an, «Sorotan Bele gogoan» ikuskizuna izango da, euskal banda ospetsuaren omenez, taldeko Gorka Sarriegi eta Urbil Artola kideen eta Getxoko Musikalia bandaren eskutik.

Ekaineko musika eskaintza hilaren 5ean hasiko da «Si las mujeres mandasen» zarzuela ikuskizunarekin. Bertan, Zabalguneko abesbatza generoaren pieza ezagunenetako batzuk errepasatuko ditu. Ekainaren 19an, berriz, pop doinuek hartuko dute lekukoa Bulegoren eskutik, eta «Ilun dagoen arren» bere azken laneko abestiak ekarriko dituzte Getxora. Hilaren 20an, haurrek «Liluragarria, gorputz barrura noa» ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, Ene Kantak taldearekin, eta, azkenik, Kalakan hirukoteak (ekainak 27) itxiko du hilabetea. Getxora "Artizar" diskoarekin etorriko dira, gaur egungo soinuak dituzten euskal kantu tradizionaletan sakontzen duen lana.

Blues doinuak eta musika korala izango dira protagonista uztailean eta abuztuan Big Daddy Wilson eta Biotz Alai abesbatzaren eskutik, hurrenez hurren. Eskarmentu handiko bluesman amerikarrak Chicagoko eta New Orleanseko erritmoak ekarriko ditu Muxikebarrira uztailaren 10ean; Getxoko abesbatzak, berriz, San Lorentzo eguna ospatuko du abuztuaren 10ean, ohi bezala.

GETXO JAZZ

Muxikebarriko proposamen musikala ekainaren 30etik uztailaren 4ra egingo den Nazioarteko Jazzaldiaren 44. ekitaldiak osatuko du. Lau banda gazte bilduko dituen Taldeen Lehiaketako saioak (13: 00) eta kontzertu nagusiak (19:00) hartuko ditu zentroak. Azken horietan, estatuko talde eta artista izango dira protagonista nagusiki. Horien artean Martirio eta Chano Dominguez eta Carles Benavent, Tino Di Geraldo eta Jorge Pardoren flamenko-jazz hirukotea (Niño Joselerek lagunduta) aipatu behar dira.

ANTZERKIA

«Antonia» (maiatzak 15), Javier Liñerak ekoitzitako lana eta Ékoma Teatroren eskutik, idazle baten burmuinean murgilduko gaitu bere istorioa eta bere pertsonaien istorioa ezagutzeko. Maiatzaren 29an, hika konpainiak "Txarriboda" komedia aurkeztuko du, eztei-oturuntza baten inguruan bildutako giza faunan sakontzen duena.

Ekainean, Zuhaitz Gurrutxagak «Futbolistok» (ekainak 18) bakarrizketa eskainiko du. Bertan, futbol profesionaleko jokalari gisa izandako bizipenak kontatu eta nahasmendu obsesibo-konpultsibo delakoaren ondorioak azalduko ditu. Hilaren 26an, Mauma taldeak «Lurrun minez» antzeztuko du, umore dosi handiekin apaindutako drama psikologiko, sozial eta sexuala.

Antzerki proposamena uztailera ere luzatzen da komediaren eskutik. Hilaren 29an, Leo Bassi komiko italiarrak «Yo, Mussolini» bakarrizketa eskainiko du, ideologia faxistaren gorakadara modu probokatzaile eta dibertigarrian hurbilduz. Hurrengo egunean, uztailaren 30ean, Tartean Teatro konpainiak «Ez dok ero» antzeztuko du, On Kixote eta Antso Panza pertsonaietan oinarritutako bikote protagonista baten bidez euskal kultura, antzerkia eta gizartearen irudi itxuragabe eta zoroa erakusten duena.

DANTZA

2021eko bigarren lauhilekoan jarraituko du Muxikebarrik dantzaren aldeko apustuarekin. Hala, maiatzaren 16an, Ertzak «Zehar» koreografia aurkeztuko du, gizakiak bere bizitzan izan ditzakeen eraldaketak erakusten dituena. Ekainaren 13an, Kukai Dantza taldea Getxora itzuliko da «Gauekoak» ikuskizunarekin. Azken horretan, Jon Maya dantzariak, Xabi Bandini eta Arkaitz Minerren zuzeneko musikaz lagunduta, era intimoan begiratzen dio bere ibilbide artistikoari, gaueko egunkari moduan.

Ekainaren 28tik uztailaren 8ra Muxikebarrik "Sensitive Skills" tailer-laborategia hartuko du, Chey Jurado dantzariak zuzendua, eta bere sormen-prozesua parte-hartzaileekin partekatuko du. Esperientzia horren emaitza ikuskizun moduan erakutsiko da uztailaren 8an, "Entre las aguas" izenburupean. Honekin batera, Epaimahaiak berak bakarrik interpretatuko du "agua" pieza.

GETXO EKINEZ

Getxoko Udalak duela gutxi jarri du martxan Getxo Ekinez programa, pandemiak sortutako zailtasunak gainditzeko laguntza ekonomikoaren bidez, eta hainbat sektore hartzen ditu bere baitan, besteak beste, kultura. Ekimen horren barruan, Muxikebarrik tokiko kolektiboek protagonizatutako edo bultzatutako hainbat proiektu hartuko ditu.

Horietako lehenengoa «La gata sobre el tejado de zinc caliente» (ekainak 4) antzezlana da, Itxartu Anterki Taldearen eskutik Tennessee Williamsen klasikoaren berrikuspena, hain zuzen ere. Uztailaren 9an izango da bigarrena, Bringas kantautore ezagunaren kontzertua. Uztailaren 11n Tepsis Teatro konpainiak «¡Despierta! Retablos de la vergüenza» antzeztuko du. Lana mundua epaitu gabe ulertzen saiatzen da, errealitatea erakutsiz eta horretarako museo-erakusketa bateko eskultura bizidunez baliatzen da. Azkenik, uztailaren 24an «Desfasando, que es gerundio» komedia eskainiko du Lalulu Teatrok. Horretan, Gemma Martinez, Maribel Salas eta Sol Magunak eguneroko bizitzako hainbat gai jorratuko dituzte, umorezko esketx formatuan.