GETXO. Azken asteetan gertatu izan ohi den moduan, Getxoko Udaltzaingoak asteburu lantsua izan du. Guztira, 276 zigor-proposamen egin dituzte udaltzainek koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako osasun-araudia ez betetzeagatik. Lau pertsonatik gorako taldeetan egoteagatik 79 zigor-proposamen jarri dituzte, 71 maskara ez eramateagatik, 53 edari alkoholdunak bide publikoan kontsumitzeagatik eta 49 pertsonen zirkulaziorako gaueko ordutegia ez errespetatzeagatik.

Gainera, pertsona bat atxilotu dute Udaltzaingoaren aurrean identifikatzeari uko egiteagatik, ostalaritza-establezimendu bat itxi dute baimendutako edukiera gainditzeagatik eta txoko pribatu bat jai bat ospatzeagatik. Igandean, eguraldi ona zela eta, Ereagako hondartzarako sarbideak ordu eta erdiz itxi behar izan zituzten, bertara joan ziren ibilgailuek eragindako kolapsoa zela eta.

Jarduketen artean, aipatzekoa da joan den ostiral gauean, hilak 26, pertsona bat atxilotu izana; patruila batek bera eta beste zazpi pertsona aurkitu zituen Algortako Telletxe plazan, baimendutako gaueko ordutegitik kanpo, 23:15ean. Bertan zeuden pertsona gehienek euren identifikazioa onartu zuten, zehapenerako proposatuak izateko. Atxilotuak, berriz, uko egin zion behin baino gehiagotan; beraz, atxilotu egin zuten desobedientzia larria eta agintaritzaren agenteei aurre egitea egotzita.

Larunbatean, hilak 27, 19:30ean, Udaltzaingoak bezeroak atera behar izan zituen ostalaritza-lokal batetik, baimendutako edukiera gainditzen zuelako eta titularrak betetzen ez zuelako egungo osasun-araudiak behartzen duen "in vigilando" lana. Halaber, gau horretako goizaldean, 01:00etan, 13 pertsona salatu zituzten, txoko pribatu batean festa bat ospatzen ari zirelako. Dagozkion zehapen-aktak egin ondoren, jaia amaitutzat eman zen.

Berehala Aste Santuko oporrak helduko direla eta, Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea, eta gogorarazi du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete egin behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara) eta burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez), besteak beste.