Euskal mitologia argentinarren belarrietaraino iritsiko da Aritza Bergarari esker. Idazle bizkaitarrak Argentinako irratsaio batekin kolaboratuko du, sare sozialen bidez berarekin harremanetan jarri ondoren. Bergarak berak azaldu duenez, “Euskal Etxe batetik jarri ziren nirekin harremanetan” literaturari buruz hitz egin zezan.

Elkarrizketa horietan euskal mitologiari buruz hitz egiteko asmoa zutela ere esan zioten, eta orduan Bergarak esan zien berak hitz egin zezakeela horretaz. Aukera paregabea izango da Bergarak euskal mitologiari buruz dituen ezagutza ugariak Argentinako Patagoniako Neuquén hirira helarazteko. Izan ere, idazleak astelehenero parte hartuko du Entre vascos izeneko irratsaioan. “Teknologiari esker izango da posible”, Bergarak azaldu duenez, saio bakoitza grabazioen bidez helaraziko baitie. Astelehen honetan izango da irrati saio berri horren aurkezpena eta Bergararen esanetan, alde batetik “laguntzeko gogoarekin” dago, eta bestetik, “harrituta”, Argentinako irrati horretan interes handia piztu duela dirudielako. Ez du informazio faltarik izango, Armintzan duela urte asko bizi den idazlea aditua baita gai horretan.

Berak azaltzen duenez, “egia esanda, txikitatik izan dut gustuko mitologia. Gainera, institutu garaian, Juan Manuel Etxebarria, Manu irakasle izan nuen. Eta unibertsitatean Jesus Altuna, Barandiaranekin ibilitakoa. Asko ikasi nuen haiekin eta, horrez gain, euskal mitologiari buruz idazten den gehiena irakurtzen dut”. Bere liburuetan ez ezik, euskal mitologiak bere jarduera kulturalaren zati handi bat hartzen du, gaiari buruzko hitzaldiak ere ematen baititu. “Lehenengo liburuak argitaratu ostean, euskal mitologiari buruzko hitzaldiak hasi nintzen burutzen. Gero gure herriaren ohiturak, sinesmenak (udako edo neguko solstizioak, euskal musika tresnak...)”.

Bergarak idazle lanetan jarraitzen du, eta idazten hasi zenetik hainbat liburu argitaratu ditu. “Momentuz argitaratuta ditut lau liburu euskal mitologiari buruzkoak, beste lau umeei zuzendutakoak eta zortzi eleberri”. Bere liburuetan gehien errepikatzen diren gaiei dagokienez, “esango nuke hiru ildo ezberdinak jorratzen ditudala: alde batetik Euskal Mitologia. Horrekin hasi nintzen. Umeentzako liburuak ere idazten ditut eta bukatzeko eleberri beltza, thriller edo salatzeko literatura ere idazten dut”, dio Bergarak.

Betidanik ibili da kultura arloan gauzak egiten, egitasmoak aurrera ateratzen. “25 urte eman ditut musika eskoletan klaseak ematen baina nire bi semeak jaiotzerakoan hori guztia utzi nuen eta etxean hasi nintzen sormenaren prozesuan. Eta bertatik hasi ziren liburuak ateratzen”. Egia esan, “kasualitatez hasi nintzela idazten kontatzen dut beti. Lagun batek eskatu zidan mitologiari buruzko informazioa eta bertatik sortu zen lehenengo liburuaren ideia. Aukera izan genuen argitaratzeko eta literatur munduan ezagutzeko eta maitemindu nintzen honetaz”.

Beste aldea ere oso gustoko du, eta betidanik irakurtzea maite izan du. “Irakurri dut nahikotxo baina hain da handia eskaintza… asko falta zait irakurtzeko, ezinezkoa da den dena eta, zoritxarrez, aukeratu beharrean nago”, dio. Gaur egun, dena den, “idazten badut ez dut irakurtzen eta oporretan, edo liburu bat bukatu ostean baino ez dut irakurtzen”.

“Idaztetik bizitzea zaila da, baina gero eta hurbilago ikusten dut nire helburua. Kontutan hartu behar da nirea argitaletxerik gabeko bidea dela eta askotan zaila da”, baina sare sozialak bere lana zabaltzeko tresna ona dira. “Nire kasuan, zorionez, sare sozialen bitartez nire lanei buruzko informazioak zabaltzea lortzen dut. Gero eta jarraitzaile gehiago ditut”, dio Bergarak.

Ia kasualitatez hasi zena, orain gehien gustatzen zaiona bihurtu da. Bere liburuekin euskal etxe askotara iristea lortu du, baina azken hilabeteetan Estatu osoan egiten ari den salmentek harritu egin dute. Horrela, “pertsona asko ari zaizkit idazten Kataluniatik”. Andaluziatik ere idatzi diote, “euskal mitologia asko gustatzen zaiola eta nire libururen bat erosi nahi zuela esanez”, dio Bergarak. Hori gustatzen zaio, horrelako gaiak Euskal Herritik haratago iristea posible egiten baitu. “Idazterako orduan, liburu batzuk oso arin idatzi ditut, 3 hilabetetan edo, eta beste batzuentzako, berriz, urteak behar izan ditut. Normalean 6-8 hilabete ematen ditut eleberri bat idazteko”, azpimarratzen du.

Argi daukana da, “egunero idazten dudala, inspirazioa lortzeko hantxe egon behar zara, lanean”. Dagoeneko hainbat liburu ditu martxan, “aldaketa klimatikoari buruzko liburua, baita Jentilak liburuaren beste bi -trilogia izango da eta- eta mitologiari buruzko beste lan bat, ilustrazio izugarriekin”, besteak beste.

Idazteak asko ematen dio. “Lasaitzen nau, alde batetik. Lan bakartia izanda, idazlea bere ordenagailuaren aurrean orduak eta orduak jendearenganatzen nau ere, hitzaldietan, azoketan…”. Eta irakurleei munduan dauden arazoei buruzko hausnarketa egiteko “gonbitea luzatzeko aukera ematen dit idazteak. Mundua hobetu edo daukagun kultura mantentzeko helburua beti helburu”.

Editatzerako orduan, “lehenengo liburuak Astiberri argitaletxearekin atera nituen. Baina aurrerago autoeditatzen hasi nintzen. Hitzen artisaua naizelakoan nago: nik idazten dut, batzuetan nik maketatzen dut, portada egiteko diseñatzaile batekin lan egiten dut baina nik erabakitzen dut, irakurleei galdetu ostean sare sozialeetan...”. Gainera, “saltzeko edo publizitatzeko nik aukeratzen ditut bideak… Ez da bakarrik idaztea, prozesu osoan zehar nago”. Normalean eta beti liburuaren arabera, “1.000 aleko edizioak egiten ditut, baina 2.000 ale ere atera ditut lehenengo edizioan. Mitologiaren kasuan 5.000 ale ere atera ditut edizio batean. Liburuak markatzen du”.

“Sare sozialen bidez jarri ziren nirekin harremanetan, eta ideia ona iruditu zitzaidan”

Idazlea