GETXO. Martxan da jada Algortako Manuel Gainza aparkalekuko esleitzeko prozesua. Getxoko Udalak 126 plaza eraikiko ditu guztira (86 plaza bizilagunentzako, -3 solairuan, eta beste 40 plaza abonatuentzako, -2 solairuan. Aparkalekuak aldi baterako okupazioaren modalitatea izango du.

Lehenengo fase batean, martxoaren 1etik 8ra, aparkaleku-plazak eskuratzeko baldintza eta betekizunei buruzko informazioa jasotzeko epea irekiko da. Horretarako, Herritarren Arretarako Bulegoan, Algortako Torrene kaleko 3.ean, gune bat jarri da, eta 94 466 00 00 telefonora ere deitu ahal izango da. Epe hori amaitu ondoren, eskaerak aurkezteko epea irekiko da, martxoaren 9tik 30era, biak barne. Eskabideak aipatutako bulegoan aurkeztu ahal izango dira, 10:00etatik 13:00etara, eta, era berean, erregistro telematikoaren bidez, Getxoko Udaleko Administrazio Elektronikoaren Bulegoan.

Eskaerak jaso ondoren, ohiko fase hauek izango ditu: egiaztapena, zuzenketak, zozketaren eta jakinarazpenen araudia onartzea, jendaurreko zozketa, dokumentazioa eskatzea eta esleipen-hartzaileei bermea eratzea, egiaztapen eta zuzenketa berriak, behin betiko zerrenda eta esleipenen formalizazioa.

Hasiera batean, ibilgailuaren titular bakoitzak plaza bat bakarrik eskatu ahalko du, egoiliarrentzako nahiz abonatuentzako. Hala ere, bigarrena eta beste batzuk eskatu ahal izango dira plaza guztiak betetzen ez badira. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako plazetarako, ezinbestekoa da aparkatzeko txartel berezia eta baldintza jakin batzuk izatea.

EGOILIARREN PLAZAK ESKURATZEKO BALDINTZAK

Eskaera egiteko baldintza hauek nahitaez bete beharko dira: pertsona fisikoa eta adin nagusikoa izatea, turismo-ibilgailu baten titular edo erabiltzaile esklusiboa izatea (edo horren baliokidea izatea trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ondorioetarako) eta Getxon erroldatuta egotea, gutxienez, urtebeteko antzinatasunarekin, aurkezteko epea irekitzen dela jakinarazten duen iragarkia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita. Halaber, eskatzailearen helbidea aparkalekuaren eragin-eremuaren barruan egon behar da, edo egun horretatik, urtebete baino gutxiagoko epean, etxebizitza bat erosi izana eragin-eremuan, hor behar bezala erroldatuta egonda. Ezinbestekoa da gidabaimena indarrean izatea. Erabiltzaile egoiliarrek ezin izango dituzte txandakatze plazak erabili. Hala eginez gero, txandakatze erabiltzaileen betebehar berak izango lituzkete.

Hasiera batean urtebeterako emango dira (eta urtez urte berritu ahal izango dira, gehienez ere, 4 urtera arte) eta partzelaren esleipena sinatu aurretik egin beharko da ordainketa, banku-transferentzia bidez, urtebeteko esleipen-aldiari dagokiona, hau da, 1.016,40 €/urtean, BEZ barne (84,7 €/hileko). Egoiliar-txartela ere ordaindu beharko da, 3 euro.

Lehenengo fasean, eragin-eremuan bizi diren egoiliarrentzako partzelak soilik eskatu ahal izango dira. Lehen eskatzaileekin aparkaleku-plaza guztiak ez badira bete, automatikoki Getxoko udalerri guztira handituta geratuko da eragin-eremua. Udalerriko egoiliarrekin ez bada bete, Udalak eremua zabaldu ahalko du pertsona juridiko, profesional, langile eta merkatarientzat, ibilgailua izanda, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.

ERAGIN-EREMUA

Egoiliarren aparkaleku-plaza eskatzeko, eragin-eremuak honako kale hauek barne hartzen ditu: Alango plaza; Alangobarri, Alangoeta, Amezti, Bolue, Calleja, Caridad, Elizondo, Eretza, Euskal Herria, Ganzabal, Gaztelugatxe, Icaro, Ilumbe, J.B. Uribarri, J.B. Zabala, Laukarika, Mariandresena, Muxike Aurrekoa, Nueva, Orobio, Portuzaharra, Santiena, Satistegi, Torrene, Txiskiena, Urgull eta Villamonte kaleak; eta Algorta etorb., Andikoetxe, Andrés Cortina, Arene, Areneazpi, Aretxondo, Basagoiti etorb., Basarrate, Bidebarri, Ereaga Kaia, Illeta, Iparbide, Iturgitxi, Kasune, Konporte, Martikoena, Obispo Echeandia, Ribera, Salsidu, San Nicolás, Sarrikobaso, Telletxe , Trinidad eta Villaondoeta kaleetako atari-zenbaki jakin batzuk.

PERTSONA ABONATUENTZAKO BALDINTZAK

Pertsona abonatuek aparkaleku-plaza bat okupatzeko eskubidea izango dute abonuaren araberako ordutegi batean; horrek ez du esan nahi plaza hori lehentasunez erabiltzeko eskubiderik dutenik. Edozein pertsona fisiko edo juridikok eskatu ahal izango du, turismo-ibilgailu baten titular edo erabiltzaile esklusiboa direnak, edo horren baliokidea izatea trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren ondorioetarako.

Aparkatzeko eskubideak hilabeteko frakzioetan esleituko dira hasieran, eta gehienez ere 12 hilabete ordaintzeko aukera ezartzen da. Tarifak, honako hauek:

  • Egunekoak: 181,50 € BEZ barne (08:00etatik 20:00etara)
  • Gauekoak: 127,05 € BEZ barne (20:00etatik 08:00etara)
  • Goizekoak: 133,10 € BEZ barne (08:00etatik 15:00etara)
  • Arratsaldekoak: 108,90 € BEZ barne (15:00etatik 22:00etara)

Abonatuak zerbitzua ematen duen enpresari aldez aurretik ordaindu beharko dio hilero, esleipena egin eta/edo ordainketa lortzen duenean. Txartelaren 3 euroak ere ordaindu beharko dira.