GETXO. Getxoko Udalak udalerrian dauden landare exotiko inbaditzaileak kentzeko kanpaina berri bat hasiko du aste honetan zehar, bertako landaredia babesteko. Konkretuki hiru espezie kenduko dira: cortaderia selloana edo panpako luma-erratza, fallopia japonica edo banbu japoniarra eta buddleja davidii edo tximeleten zuhaixka.

Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan sartuta dauden landareak dira, bertako landaredia haztea eragozten baitute eta naturgune babestuak arriskuan jartzen baitituzte. Ingurumeneko Hiri Zerbitzuen eta Ingurumen Kalitatearen Udal Alorretik diotenez, “landare hauek biodibertsitatea galtzearen eta ekosistemak aldatzearen arrazoi nagusietako bat dira. Era naturalean beste leku batera egokitzeko, lehiatzeko eta ugaltzeko gai dira. Han, aldaketa-eragile bihurtzen dira... eta kolonizatzen dituzten habitatei kalte egiten diete”.

Getxon, Udalak urtero horrelako kanpainak egiten ditu landare horiek kontrolatu eta errotik kentzeko hainbat tratamenduren bidez. Tratamendu horiek lur publikoetan eta gero eta esparru zabalagoetan egiten dira. Landare inbaditzaileak honako tokia hauetan kenduko dira: Gobela eta Kandelu ibaiak; Bolueko Hezegunea; estratak (Larrañazubi, Diliz, Goienetxe, Ibarrangoa, Ormaza, Saratxaga-Perune-Iturriane eta Martiturri); Aixerrotako pinudia eta Itsasargia-Matxikortiñe bidea; Arrigunaga eta Azkorriko hondartzak; Ingurumen Aretoa; Fadurako kiroldegia; Aiboa aldea eta hainbat udal orube, besteak beste.

Cortaderia selloana edo panpako luma-erratza, Hego Amerikatik heldu zen, azkar hedatu zen Kantauri itsasoan, eta dagoeneko kolonizatu ditu barrualdeko eremuak ere. Getxon maiz ikusten da edozein naturgunetan. Fallopia japónica edo banbu japoniarra, Asiako ekialdeko belardi-landare iraunkorra da, eta udalerrian Gobela eta Bolue ibaien ertzean aurkitzen da, nahiz eta hiriguneetan, parkeetan, lorategietan edo errepideen ertzetan ere hedatzen den. Buddleja davidii, tximeleten zuhaixka deitzen zaio intsektu horiek erakartzeko duen ahalmenagatik, Txinako ipar-mendebaldetik eta Japoniatik dator, hainbat koloretako loreak ditu eta kolonizatzeko ahalmen handia du. Horregatik, mehatxu larria da espezie autoktonoentzat, habitatentzat edo ekosistementzat.