GETXO. Koronabirusaren pandemia dela eta jende pilaketak saihesteko helburuarekin, aurten ez da urtero Getxon egin ohi den Komiki Azoka ospatuko. Horren ordez, Komiki Jardunaldiak antolatu dira, formatu txikiko ekitaldiz osatutakoak. Berritasunez beteriko egitaraua dakar ekimen berezi honek. Datorren astean ospatuko da, urriaren 30ean eta 31n konkretuki.

Ohi denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo eta ekitaldietan parte hartuko dute. Horrela, bada, jardunaldiak Borja Crespo komikigile, zuzendari eta dibulgatzailearen eskutik abiatuko dira, beldurrezko komikien inguruko "Cómic eta Halloween" izeneko solasaldian. Aroha Travé artista gazteak, "Carne de cañón" komikiaren egilea (Espainiako Komiki Kritikari eta Dibulgatzaileen Elkarteak Egile Berri Onenari emandako saria), underground komiki berriaren inguruko solasaldia emango du beste bi artistekin batera: Rosa Codina, "Rompepistas" lanaren egilea, eta Irene Márquez El Jueves aldizkariaren kolaboratzailea "Te has pasado" umore beltzaren sailean. Eguneko programazioa Cels Piñols egile ospetsua eta umore komikiaren erakusle den Albert Monteys partaide izango dituen mahai-inguruan.

Larunbateko egitaraua Higinia Garay eta Elizabeth Casillas egileen eskutik hasiko da. "Emakume guztiok" bere eleberri grafikoa aurkeztuko dute, El Salvadorreko abortuaren kontrako legedi bortitzaren ondorioak jasan izan dituzten lau emakumeren bizipenetan oinarrituta. Jarraian, Ana Galvañ eta Sole Otero komikigileak izango dira protagonista "Cómic de otros mundos" beste herrietako komikiei buruzko topaketan.

Arratsaldean, Mikel Begoña gidoilari bilbotarrak euskarazko komikiaren inguruko hitzaldia emango du. Horren ostean, "Subnormal. Una historia de acoso escolar" komikia aurkeztuko da, Iñaki Zubizarreta saskibaloi jokalaria ohiaren esperientzian oinarritutako lana, eta zinera eramango dutena, hain zuzen ere. Bestalde, Albert Monteysek eta El Hematocrítikok haurtzaro eta gaztaroko komiki klasikoei buruz hitz egingo dute eta, jardunaldiak ixteko, topaketa bat izango da José Luis Ágreda Sevillako egilearekin.