PLENTZIA. Bilboko Arte Ederren Museoko lanen erreprodukzioak ikusgai egongo dira Plentzian hurrengo astelehenera arte, hilak 17, 'La Ruta del Arte' izeneko erakusketa ibiltariari esker. Konkretuki Astillero plazan egongo da kokatuta. Artearen dibulgaziorako proposamena da, eta Bizkaiko 14 udalerritan zehar ibiliko da uda honetan BBK eta Bilboko erakunde artistikoaren eskutik.

"La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea" erakusketa ibiltaria da. Asmo didaktikoa du, eta funtsezko ibilbidea eskaintzen du museoaren bildumako 40 maisulanetan zehar; kalitate handiko teknika erabiliz egindako erreprodukzioak dira, eta xehetasunen zehaztasun txundigarria eta kolorearen fideltasun handia lortzen dute. Horrekin batera, 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.

La Ruta del Arte BBK Artearen Ibilbidea ekimenaren helburu nagusia museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea da. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko du eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; Grekoa, Francisco de Goya, Paul Gauguin, Joaquín Sorolla, Darío de Regoyos, Ignacio Zuloaga, Francis Bacon edo Agustín Ibarrola artisten lanak besteak beste. Gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango da.

Museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko arduradunek proposamen didaktikoa garatu dute, eta, horri esker, hezkuntza arloko langileek publikoaren galderak orientatu eta erantzungo dituzte bisita gidatuetan (asteazkenetik igandera, 17:00etatik 20:00etara). Nahikoa izango da erakusketaren arduradunengana hurbiltzea bisita eskatzeko. Ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Jarduera agintaritza eskudunek ezarritako osasun-neurriak betez gauzatuko da, eta gehienez 8 pertsonako edukiera izango du talde bakoitzeko. Bisita gidatua banaka egiteko aukera ere izango da.

Plentziako egonaldia amaitu ondoren, Bakio, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ispaster, Ondarroa eta Lekeitioko herriak bisitatuko ditu.