GETXO. Getxoko Udalak tokiko artisten aldeko apustua egingo du uztailean eta abuztuan zehar egingo diren formatu txikiko zazpi emanaldietarako. Mota guztietako ikuskizunak egongo dira: kontzertuak, haurrentzako antzerkia... Emanaldiak Muxikabarri zentroan eta Romo Kultur Etxeko areto nagusian eskainiko dira.

Gainera, uztailean eta irailean, Musika Eskolak bi kontzertu ziklo programatuko ditu, eta horietan ere herriko artista eta taldeen aldeko apustua egingo du. Hori guztia gauzatzeko eta esparru itxietako ikuskizunen osasun-araudira egokitzeko, aretoen edukiera murriztu egin da eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da ekitaldi guztietan.

Musikari dagokionez, programazioa uztailaren 17an, ostiralean, abiatuko da Basurita taldearen eskutik. Aretoko programazioa (Romoko Kultur Etxea, 20:00etan). Rock alternatiboko banda da, Getxo Sound-ekin lotura duten musikariek osatua, El Inquilino Comunista, Cujo edo Zodiacs taldeetan aritutakoak, besteak beste. Berriki, "El Gran Feliz" lan berria aurkeztu dute. Astebete geroago, uztailaren 24an, Smile-ren txanda izango da (Muxikebarriko Ereaga aretoa, 20:00etan). Musika gaztearen erreferenteetako bat da Getxon, eta azken aldian soinu festatsuago batera bideratu du bere musika, bere esentzia alai eta hondartza-zalea alde batera utzi gabe.

Uztailaren 30ean, berriz, The Old Timey String Band (Romoko Kultur Etxea, 20:00etan) taldeak bluegrass, country eta Ipar Amerikako doinuen nahasketa ekarriko du, oraingoan bi artista gonbidaturen laguntzarekin: Lorelei Green kantautorea eta Agus Zubiaga banjo-jolea.

Abuztuaren 10ean, Biotz Alai Abesbatzak San Lorentzo eguna ospatuko du bere ohiko kontzertuarekin (Muxikebarriko Ereaga aretoan, 22:00etan), eta hilaren 14an, ostirala, euskal jazzeko ahotsik ezagunenetako baten eskutik itxiko da kontzertu zikloa, Itxaso Gonzalezen eskutik (Muxikebarriko Ereaga aretoan, 20:00etan); saio horretan José Luis Canal izango du lagun pianoan. Programa honetako kontzertuetarako sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan (Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan, Kutxabank sarean eta Muxikebarriko txarteldegian, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik). Salbuespen bakarra Biotz Alai taldearen kontzertua izango da, Kultur Etxeetan uztailaren 15etik aurrera jasotzeko gonbidapenak jarriko baitituzte.