GETXO. Martxoaren 14an Estatuko gobernuak alarma egoera eta konfinamendua ezarri zuenetik, asko izan dira eguneroko bizitzan egin behar izan ditugun aldaketak. Hori dela eta, badira hainbat erakunde euren zerbitzuak besteen ongizaterako eskaintzen dituztenak. Horietako bat Getxoko Udaleko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzua da, zeinak herriko ikastetxe guztiei arreta eta materialak eskaini dizkie.

Ildo horretan, familian emozioen eta yogaren kudeaketa lantzeko gida bat (Patxadaz) eskaini da, bereziki 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Bestalde, Bigarren Hezkuntzako ikasleei materiala eskaini zaie, konfinamendu-egoeran izan daitekeen drogen kontsumoari buruz hausnartzeko.

Aldi berean, telefono bidezko arreta-zerbitzu bat jarri da abian (692 730 235) Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzat, astelehenetik igandera, 9:00etatik 21:00etara, familia-harremanetan sor daitezkeen zailtasunei, antsietate- eta larritasun-egoerei, droga-kontsumoek eragindako arazoei, apustu egin beharrari eta abarri buruzko galderak erantzun ahal izateko.

Bestalde, Getxoko 272 familiarekin harremanetan jarraitzen da eskariak eta beharrak jaso eta erantzuteko, eta egungo egoerarako material interesgarri eta erabilgarriak banatzen ari dira. Edozein zalantza argitzeko, gurasoeskolakgetxo@gmail.com posta elektronikora idatz daiteke.

Azkenik, mendekotasun-arazoak dituzten familientzako eta helduentzako laguntza psikologikoko zerbitzua prestatu da. Telefono hori (688 698 561) astelehenetik igandera dago martxan, 09:00etatik 21:00etara.