'Umore Azoka Leioa'-k 540 proposamen artistiko bildu ditu. Aurtengoa XXI. Edizioa izango da eta maiatzaren 14tik 17ra ospatuko da. Batzorde artistikoak proposamenen originaltasuna, berrikuntza, ikusgarritasuna eta kalitatea baloratu ditu batez ere, datozen asteetan iragarriko diren konpainiak aukeratzeko.

Aurreko edizioetan bezala, Umore Azoka Leioak 40 konpainia baino gehiagoren partaidetza izango du, eta horietatik erdia Euskal Herrikoak izango dira, Euskadiko kaleko komunitate artistikoarentzako erakusleiho eta topagune gisa betetzen duen lekua sendotuz. Halaber, ekitaldiaren antolatzaileek, gertueneko eremua gaindituko duten nazioarteko konpainien presentzia sustatu dute, ikus-entzuleek, urrutiago dauden eta horrelako topaketetan ohikoak ez diren herrialdeetako sorkuntza panoramaz gozatzeko aukera izan dezaten, Japoniako, Kenyako edo Ukrainako proposamenak, besteak beste.

Profesionalen Azoka

Halaber, Umore Azoka Leioak profesionalen alorrean erreferentzia nagusi gisa betetzen duen posizioa indartzearen aldeko apustua egin du. Horrela, Leioako Udalak akordioa lortu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Artekalerekin, Portugalgo 10 jaialdi garrantzitsuenetako zuzendari artistikoak azokako egun guztietara etor daitezen eta edizio honetan parte hartuko duten profesionalekin harremanetan jartzeko eta haiek kontratatzeko aukera izan dezaten.

Modu berean, estatu mailako akordioa bultzatu da, Kultura Ministerioaren "PICE" ekimenarekin, Arte Eszenikoak Nazioartera zabaltzeko programaren barruan, Alemaniako, Belgikako edo Mexikoko kaleko arteetako profesionalak Leioan egotea diruz laguntzeko.

Umore Azoka Leioako XXI. edizioa maiatzaren 14tik 17ra egingo da udalerriko hainbat txokotan, ikusgarritasuna eta gertutasuna, antzerkiaren, umorearen, zirkuaren, musikaren eta dantzaren adierazle onenen azken estreinaldiekin eta lan arrakastatsuekin uztartzeko aukera emango duen egitarauarekin. Hori guztia sarrera libre eta doakoarekin, kalean bertan, eta adin eta ikus-entzule guztientzat pentsatutako ikuskizun eskaintzarekin.

Izpiritu hori bera da aurten lehen aldiz martxan jarri den kartel lehiaketaren bitartez bideratu gura izan dena. Lehiaketan Rubén Lucas Garcíak aurkeztutako lana aukeratu zen. Irudia, Estatuko hainbat puntutik etorritako 69 proposamenen artean aukeratu zen. Horietako asko "kalitate maila artistiko handikoak" izan dira.

Epaimahaiaren iritziz, proposamen irabazleak "Umore Azoka Leioaren funtsa erakusten du, eta haren jatorrietara eramaten gaitu, lehen pausoak eman zituen garaian erabili zen eta Umore Azokari esanahia ematen dion irudia erabiliz, aurpegi irribarretsua". Halaber, epaimahaiak besoaren protagonismoa ere azpimarratu zuen "artisten lanaren tresna nagusia sinbolizatzen du; euren gorputza".