GETXO. Hurrengo ostiralean, hilak 4, Antzerki Jardunaldien 37. edizioa hartuko du Getxok. Mota guztietako ekintzak antolatu dira bertaratzen den edonorentzat, doakoak eta ordaintzekoak. Ekitaldia urriaren 13ra arte iraungo du.

Jardunaldiak ostiralean hasiko dira “Pinotxo” haur-antzezlanaren eskutik, Muxikebarriko Ereaga aretoan, 18:00etan. Glu Glu taldearen ikuskizun honek Carlo Collodiren klasikoa agertokira eraman du antzerkia, dantza eta musika uztartuta.

Biharamunean, larunbatean, Shakti Olaizola konpainiak “Baldin Bada” lana eskainiko du San Nikolas plazan, 13:00etan. Adin guztientzako zirku-antzerki ikuskizun honetan akrobaziak, dantza, musika eta pintura nahasten dituzte bi pertsonaia minek. Arratsaldean, 20:00etan, Muxikebarrik Ados Teatroaren “Dublineses” antzezlana hartuko du. Muntaia honek, James Joyceren literatura unibertsaleko klasikoan oinarrituta, XX. mendearen hasieran Irlandak bizi zuen paralisi moral eta espirituala irudikatzen du era zehatzean.

Igandean, urriak 6, “Sardina Freskue!” (Sani Nikolas plaza, 18:00) adin guztientzako dantza-ikuskizuna izango da. Horretan, Organik taldeak itsasoaren munduarekiko eta horren barruan emakumeak duen tokiarekiko interesa erakusten du. Kasu honetan, sardina-saltzaileen lana izango da ardatz nagusia. 19:00etan dantza izango da protagonista berriro ere Dantzaz taldearen “Sei” ikuskizunaren eskutik, konpainiaren pieza ezagunenak biltzen dituena. Lana osatzen duten pieza guztiek nazioarteko koreografo entzutetsuen sinadura daramate: Martin Harriague, Janis Claxton, Christine Hassid eta Jacek Przybylowicz.

Antzerki arina

Igandean ere Antzerki Arineko atala abiatuko da. Algortako Kultur Etxean 20 minututik beherako bost muntaia antzeztuko dira 18:00etatik aurrera. Horietako bakoitzak hiru saiotan antzeztuko da eta horrela publikoak guztiak ikusteko aukera izango du. Lehenengo asteburuko egitarauan “Terapia”, “Fósforos” eta “La chica de la gasolinera” lanak nabarmendu behar dira, Pabellón 6-en Antzerki Arineko Lehiaketan eta Bartzelonako Píndoles jaialdian zenbait sari irabazi dituzte eta. Antzerki arineko saioak ikusteko sarrerak urriaren 6an erosi ahal izango dira Kultur Etxean bertan, 17:00etatik aurrera.