SOPELA. Sopelako Udalak Akilino Arriola kalean dagoen semaforo bat kenduko du. Semaforoa Enrike Urrutikoetxea kalearen bidegurutzean dago, bi noranbideetan, eta behin betiko kendu baino lehen, hasiera batean hilabete bateko proba egingo da horiek itzaliz.

Hala, Udalak bi semaforo hauek itzali egingo ditu datorren astean eta zerbitzuz kanpo egongo dira gutxienez hilabete batez. Epe honetan zehar, hartutako neurriak trafikoa bizkortzen laguntzen duen aztertuko da eta oinezko zein ibilgailuentzako bide segurtasuna mantentzen den baloratu ahal izango du.

Gobernu taldearen esanetan "semaforo hau aldi baterako kentzeko neurri hau proba pilotu bat baino ez da, gune horretako zirkulazioa benetan hobetzen den ala ez jakiteko balioko diguna".

Erabakiak berehalako ondorioak izango ditu udalerriko erdiguneko trafikoan, kotxeak gutxiago geldituko baitira eta kutsadura nabarmenki murriztuko baita. Halaber, Udalak Akilino Arriolakoa bezalako "beharrezkoak ez diren semaforoak" kentzeak, aurrezte ekonomikoa ekarriko duela uste du, mantentze lanen kostua murriztuko baita.

Azpimarratzekoa da neurria Akilino Arriola, Sopelako erdiguneko kale nagusienetarikoa erdi-oinezkoentzako bihurtzeko etorkizuneko proiektuaren testuinguruan kokatzen dela. Garrantzi handiko proiektu honen bitartez, oinezkoei ibilgailuekiko lehentasuna eman nahi zaie; eta bestetik, udalerriko erdiguneko komertzioa suspertu. Udalak ez du batzertzen datozen hilabeteetan, eta kalearen semipeatonalizazio proiektua abiarazi baino lehen, mugikortasun eta bide segurtasun arloetan bere aurretiko funtzionamendua aztertzeko neurri gehiago hartzea.