BILBO. Ihobek «Santiagua Bidea»-rekin bat egin du. Ekimenaren helburua Kantauri itsasbazterraren balioa nabarmentzea da. Bide berriak 21 etapa ditu, zenbait monolitoz zehaztuta, Santiago de Compostelaranzko norabidea adierazteko. Proiektua uztailaren 25ean hasi zen, Santiago Egunaren ospakizunarekin batera.

«Mundu osoko pertsonek ibiltzen dute Donejakue Bidea Santiago de Compostelara iristeko. Urte honetatik aurrera beste adar batetik egingo da bidea: Kantauri itsasotik. Mundu osoko urpekari guztiek izango dute bide aitzindari hau egiteko parada», adierazi zuenJesús Losadak, Ihobeko zuzendari nagusiak.

Bide berriak 21 etapa ditu, zenbait monolitoz zehaztuta, Santiago de Compostelaranzko norabidea adierazteko. Getxoko kirol-kaian atzo aurkeztu zuten monolitoa, lehorrean dagoen lehenengoa, Galea lurmuturreko eta Santanderreko Mouro uharteko itsas hondoan jada ezarritakoei gehitu zaie. Bidea zehazteko urpeko 5 monolito gehiago jarriko dira Hondarribia, Donostia, Gijón, Ribadeo eta A Coruñan.

Donejakue Bidearen beste adar bat sortzeaz gain (bidea homologatzeko eta «peregrinosub» figura sortzeko izapideak egiten ari dira), proiektuak ingurumenaren arloko xedeak ere baditu batez ere; izan ere, ekimena bultzatu dutenek adierazi bezala, proiektua helburu hauekin sortu da: «Kantauri itsasoko biodibertsitatea leheneratu eta babestea, gehiegizko arrantza eragoztea, plastikoen ondoriozko kutsaduraren aurka borrokatzea, hidrokarburoen isuria kontrolatzea, klima-aldaketari buruz kontzientziatzea eta itsas erreserbak sor daitezen bultzatzea».