BILBO. Uztailaren 1ean Maulen hasitako eta atzo Portugaleten amaitutako EuskarAbentura espedizioari ongietorria eman zion Amaia Agirre Getxoko alkateak Bizkaia Zubia gurutzatu eta gero. Espedizioan 120 gaztek eta 30 monitorek hartu zuten parte. Behin Bizkaia Zubia gurutzatuta, Areetan alkateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Ana De Castrok hartu zituzten gazteak.

Ongietorria eman eta zoriondu ondoren, Agirrek eskerrak eman zizkien antolatzaileei, gazteei beren herria eta historia euskaraz hitz eginez ezagutzeko aukera emateagatik. Gazteei esan zien “hemendik aurrera euskaraz hitz egiteko joera barneratuago izango duzue. Espero dugu zuek izpiritu hori zure inguruko gazteei eta pertsona nagusiei helaraztea, zabaltzea, euskararen erabilera sustatzea dugun helburua lortzera laguntzen, horrek guztion esfortzua behar duelako”.

Ana De Castrok, bestalde, adierazi zuen “Aldundiaren helburua da hizkuntza gero eta biziagoa izatea eta, horregatik, EuskarAbenturakoak eredu dira. Euskarak behar gaitu, guk euskara behar dugu”.

Ekitaldia amaitutakoan, espedizioa oinez abiatu zen Muxikebarri zentrora (Algortan), bertan 2019ko EuskarAbenturaren amaiera ekitaldia izan zelako. Izen bereko elkartea da ekimenaren antolatzailea eta horretarako erakunde publiko eta pribatu ugariren babesa eta laguntza du, horien artean Getxoko Udalarena. Horiek pozik ere agertu ziren ekitaldian, abentura ezin hobea bizi izan dutelako berriro uztailean eta eskerrak eman zizkien Getxoko Udalari emandako laguntza.

Helburuak eta ibilbidea

EuskarAbenturako partaideek, Done Jakue bide desberdinak jarraituz, Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu dituzte (783 kilometro, horietatik 483tik gora oinez); lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri izan dute, jarduera ugaritan parte hartzeko aukera izan dute, eta toki ugari bisitatu dituzte (Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, Donemiliaga Kukulako Suso eta Yusokomonastegiak, Orreaga, Añanako Gatz Harana, Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal kostaldeko Geoparkea, Bizkaia Zubia?).

Ekimenaren helburuak dira gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta normalizatzea, gazte euskaldunen sare bat sortzea eta Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lantzearekin batera, esate baterako, parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi-ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria.