Ermua Antzokiak hasi berri den hilerako zinema-programazioa aurkeztu berri du. Guztira, 13 film proiektatuko ditu urtarrilean zehar. Hilabete honetarako bonuak 16,90 euroko prezioa izango du, eta Lobiano Kulturgunean zein Ermua Antzokiko leihatilan erosi ahal izango da.

Eskaintza ostegun honetan, urtarrilak 6, hasiko da zineklubaren saioarekin eta bertan 'Tres pisos' titulukoa proiektatuko da. Nanni Morettik zuzendutako luzemetraia italiarra da, jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin eskainiko dena. Bi ordu irauten du eta bloke bereko apartamentuetan bizi diren klase ertaineko hiru familiatako kideen bizitzako gauzak kontatzen ditu. Ostegun honetan, 20:30etatik aurrera.

Zine komertzialaren atalean, larunbateko19:30ean eta asteleheneko 20:30ean, hurrenez hurren, 'Silent night' estreinaldia ikusteko izango dugu aukera. Film britainiarra da, Camille Griffinek zuzendua. Eguberriei eta munduaren amaierari buruzko komedia ukitua duen drama. Sinopsiak jasotzen duenez, munduak apokalipsiari aurre egiten dion bitartean, aspaldiko lagun talde bat Gabonak ospatzeko bilduko da Erresuma Batuko landetxe idiliko batean.

Kategoria komertzialeko bigarren proposamena honako hau da: 'El lodo', 2021ean estreinatutako ekoizpen espainiarra. Iñaki Sánchez Arrietak zuzendu duen thriller bat da. Espainiako Levanteko arroz-eremu zabalak lehorte handi batek zigortzen dituela kontatzen du. Ricardo biologo ospetsuak bere sustraietara itzultzeko aukera du misio bat betetzeko, umetan bizi izan zen inguru naturala babestea. Raul Arevalo eta Paz Vega aktoreen partehartzearekin. Igandean 19:30ean eta asteartean 20:30etatik aurrera ikusi ahal izango dugu.

Amaitzeko, 'Trash' animaziozko filma izango da ikusgai, publiko gazteenari zuzendutako saioan, igandean, 17:00etan. Italiako ekoizpen honek hiri hondakinez eta horientzako bigarren aukeraz hitz egiten digu.